Azkenekoak
Lotu irakaskuntza berdeari PDF fitxategia Inprimatu E-posta

2012-2013 ikasturterako matrikulazio kanpaina hastera doan honetan, Euskal Kultur Erakundeak, Ikastolen Elkarteak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak agerraldi bateratua egin dugu, guraso nafarrak haien umeak D ereduan matrikulatzera animatzeko.

Lotu irakaskuntza berdeari

Euskara eta kultur aniztasuna zaintzea ere ekologiaren alde egitea dela da zabaldu nahi dugun mezu nagusia, eta hari horretatik tiraka Lotu irakaskuntza berdeari manifestua gizarteratu nahi dugu. Honako hau da manifestuaren edukia:

 

Lotu irakaskuntza berdeari

Matrikula ezazu zure seme-alaba D ereduan.

Eskola eta Ikastola

D eredua etorkizuneko hizkuntzaren transmisorea

Durk Gorter soziologo, ikerlari eta hizkuntza-aniztasunean aditutakoak dio euskarak, komunitate euskaldunak, bizirauteko eta ondorioz gizateriari kolorea eta aniztasuna ematen jarraitzeko aldeko pisuzko arrazoi bat daukala. Izan ere, munduarekin guztiz lotuta dago, eta ezinezkoa da isolaturik gelditzea. Gure ingurua lotunez beteta dago: euskara irakasten da munduko 30 unibertsitate baino gehiagotan; soziolinguistika ikerlarientzat erreferente hurbil eta interesgarrienetako bat da; Interneten presentzia handia dauka, eta Wikipedian, esaterako, 107.000 artikulu baino gehiago ditu, alegia, komunitate grekoak dituenak baino gehiago. Sarean oso gauza interesgarriak egiten ari dira: Facebook-ek, Google-k, Tuenti-k edo Windows-ek euskarazko bertsioa dute, multinazionalek beraiek sustaturikoak, errentagarriak direla ikusi baitute.

D eredua, aukera ekologikoa

Arrazoi asko daude, dudarik gabe, euskarazko irakaskuntzaren alde egiteko. Horietako garrantzitsu bat da mundu ekologikoagoaren aldeko apustu bat dela. Ekologia ez da bakarrik inguruneaz arduratzea; aitzitik, hizkuntza eta kultura aniztasuna zaintzea ere bada. Ekologia hurbilenaren eta aldi berean globalaren alde egitea da. Muturreko egoera batean, adibidez, berdin jokatzen badugu eta okertzen bagara, huts egitea orokorra izango da. Aldizkako aukerak ezinbestekoak dira. Hizkuntzak zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbideratzeko. Horixe egiten duzu zure seme-alaba euskarazko ereduan matrikulatzen duzunean.

Euskararekin bere kultura eta afektibitate inguruari lotzen diozu. Eta munduari, berriz. D ereduan egoki eta nahikotasunez ikasiko dituen beste bi hizkuntzekin, ingelera eta gaztelerarekin alegia, eta hautazko beste horiekin (frantsesa, alemanera…).

D eredua hizkuntza-aniztasunerako atea

Euskarazko irakaskuntza komunitate honetan aitzindaria izan da beste hizkuntzen ikasketa txertatzeko orduan. Orain ziurtatu dezakegu D ereduak zure seme-alabari hizkuntza-ingurune anitzean moldatzeko gaitasuna ematen diola txikia denetik. Izan
ere, euskara hizkuntza bizia eta arrunta da gure inguruan, eta hori oso lagungarria izaten da etorkizunean beste hizkuntzak ikastea naturalagoa gerta dakioken.

Asko hitz egiten da ingeleraz jakiteko garrantziaz, eta euskarazko ereduetan horrela egiten da. Ingelera txertatua dute curriculumean. Baina ez dugu ahaztu behar estatu batuarrak txinera ikasten ari direla, merkatu horren potentziala ikusita. Ez dugu ahaztu behar Alemania eta Frantzia Europako motor ekonomikoak direla, eta haiekin lan egiteko beren hizkuntzaz jakitea eskatzen dutela. Modu berean, Japonia munduko hirugarren potentzia ekonomikoa da. Eta krisi garai hauetan gure inguru geografikoan lana aurkitzeko orduan euskaraz jakitea aktibo garrantzitsua da.

Ez izan zalantzarik, etorkizun hurbilago batean alemanera Europako komunikazio hizkuntza bilakatuko balitz, edo txinera mundukoa izango balitz, euskarazko eredua bere curriculumean sartzeko aitzindaria izango litzatekeela, beti izan den moduan. Gure seme-alabek modu natural eta positibo batez bizi behar dute hizkuntza aniztasuna, aipatu hizkuntza guzti horiek jakin edo ez. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure apustua: euskararekin hasi, hau baita munduko bere txokoa, hemen euskaraz bizi ahal eta behar delako, hau delako bere ingurunea, hiztun berriekin elika dezakegulako; eta hemendik beste kolore gehiago bat eman mundu jasangarri, justu, solidario eta begirunetsuagoa, hau da, ekologikoagoa egiteko.

Euskaraz ikastea hizkuntza bat ikastea baino gehiago da, munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa, errespetua eta beste hizkuntzekiko interesa bultzatzea eta piztea da. Oso aberasgarri gertatuko zaie gero eta globalagoa
den mundu honetan.

Lotu irakaskuntza berdeari
Sinatzaileak:
EKE
IKASTOLEN ELKARTEA
NETLE
NIZE
SORTZEN IKASBATUAZ
TOPAGUNEA

 

 
Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza izendun osoa kendu dio UEUri PDF fitxategia Inprimatu E-posta

UEUko zuzendariak: Martin Orbe, Xabier Isasi, Lore Erriondo, Mikel Aizpuru eta Kepa AltonagaUdako Euskal Unibertsitateak (UEU) agerraldi baten bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak UEUren zuzeneko dirulaguntza osoa kentzea salatu du. Egoera honek UEUk bere jardueraren azterketa sakona egitera behartzeaz gain, egiturazko murrizketak ere ekarriko dituela adierazi du elkarteak. Hala ere, UEUk tinko azpimarratu du erabaki politiko honek ez duela bere jarduera etengo eta lan egingo duela bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa jasotzen, orain arteko bere ekarpenak aurrera jarrai dezan.

Prentsaurrekoan UEUko Zuzendariek hartu dute parte: Lore Erriondok, Xabier Isasik, Mikel Aizpuruk, Kepa Altonagak eta Martin Orbek. Etortzerik izan ez badute ere, UEUko gainontzeko Zuzendariek ere sinatu dute agiria: Karmele Artetxe, Inaki Irazabalbeitia, Aitzpea Leizaola eta Baleren Bakaikoa.

Azaroaren erdialdean jakin zuen UEUk partida kentzearen erabakiaren berri. Azaroaren bukaerarako enmendakin partzialak sartu zizkion UEUk 2012ko aurrekontuei. Bitartean, legebiltzarreko gehiengoaren babesa eta alderdi sozialistako zenbait kideena ere lortu zuen, UEUk euskal gizarteari 40 urte hauetan egindako ekarpenaren aitortza moduan. Hezkuntza mahaiko kideen babesa ere eskuratu genuen.

Abenduaren 13 eta 14an eztabaidatu ziren legebiltzarrean enmendakinak goian aipatutako babes guztiarekin. Alferrik izan zen. Hezkuntza Sailburuak ez zuen onartu partida murriztea (krisi garaia kontuan hartuta, eskatzen genuena), eta guztiz kendu zuen.

UEUk 1998an lortu zuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes instituzioala, partida izenduna lortuz. Bi milioi pezetakin hasi zen laguntza garatuz joan zen UEUren aurrekontuetan partida esanguratsuenetarikoa bihurtu arte. Aurtengo kopurua, 177.840€-koa izan da. Azken batean, UEUren aurrekontu osoaren %25a suposatu du
azken urteetan.

Kuantitatiboki partida hau oso garrantzitsua da UEUrentzat, modu zuzenean jasotzen zenez, funtzioanamendu gastuentzat bideratzen zelako, eta ez proiektu jakinei lotua. Era honetan, egiturazko gastuak ordaintzeko erabili izan du UEUk, tartean, langileen soldatak.

Kualitatiboki ere garrantzi handiko partida izan da UEUrentzat, babes instituzioalaren adierazle izan den aldetik. Hots, Jaurlaritzak UEUri egiten zion aitortzaren adierazle.

Aitortza, babesa, egonkortasuna, iraunkortasuna zen UEUrentzat.
Partida hau kentzeak, proiektuen azterketa sakon bat egitera behartzeaz gain, egitura ukitzen du eta ezinbestean, langilegoa. Lanpostuen etete zuzena ekarriko du, murrizketak lanaldietan eta ERE bat martxan jartzea.

UEU Onura Publikoko izaera duen lukuru asmorik gabeko kultur elkartea da, zeinaren helburua euskara eta unibertsitate munduak gerturatzea den azken 40 urte hauetan. UEUk ekarpen handia egiten dio euskal gizarteari orokorrean eta unibertsitate-munduari zehazki. Hori frogatzen duen hainbat datu daude:

  • Urtero goi-mailako 200 ikastaro, mintegi, jardunaldi eta etengabeko formazio antolatzen ditu. Bertan, 2.000 pertsonak parte hartzen dute.

  • Urtero unibertsitate-mailako euskarazko 12 testu-liburu argitaratzen ditu, alor honetan aintzindaria eta erreferentzia delarik.

  • IKTeetako hainbat proiektu jartzen ditu euskal gizartearen eskura:

    • Inguma.org. Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea.

    • Unibertsitatea.net ataria. Unibertsitario euskaldunen topagunea.

    • Euskarazko software katalogoa.

    • Buruxkak.org. UEUren liburutegi digitala. Bertan, UEUren liburuak, aldizkariak, tesiak eta albisteak daude eskuragai.

    • Uztaro.com. Uztaro Giza eta Gizarte Zientzien aldizkariaren artikuluen erreferentzia eta artikuluak topatu daitezke.

  • UEUk 1.100 bazkideen babesa du, proiektuari oinarria ematen diotenak.

Hau guzti honengatik, UEUk salatu nahi du partida izendun OSOA kentzea lotsagarria dela eta Hezkuntza Sailburuaren erabakia izanik, Jaurlaritzari hausnarketa egin dezan eskatzen diogu, partida mantendu dezan. Era berean, nahiz eta garai gogorrak izango diren, UEUk bere jarduera ez duela etengo adierazi nahi du, eta lanean jarraituko du inoiz baino gehiago bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa lortzen, orain arte bezala, gizarteari ekarpenak egiten jarraitu dezan.

 
Kultur teknikari bila PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Kultur Kabia Zerbitzuak enpresak kultur teknikari bat behar du. Hauek dira deialdiaren xehetasunak:

Lanposturako oinarrizko eskakizunak

  • Kultur ekitaldien programazioan eta kudeaketa eskarmentua
  • Euskarazko ikuskizunen ezagutza
  • Euskara ondo menperatzea
  • Harreman pertsonaletarako gaitasuna izatea
  • Gidatzeko karneta eta autoa izatea


Baloratuko da

  • Negoziatzeko gaitasuna
  • Pertsona dinamikoa eta autonomoa izatea.
  • Erabakiak hartzeko gaitasuna.
  • Ofimatika programak eta teknologia berriak erabiltzeko trebetasuna


Curriculumak aurkezteko
Kultur Kabia Zerbitzuak S.L.
Arlozabal 8 bis – 1 C   48220 Abadiño
Posta elektronikoz: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu   (Telf. 94 621 84 33)

Currikuluma aurkezteko epea: ekainak 22

Elkarrizketak ekainak 27 eta 28an egingo dira.

 
Euskaraz bizi nahi dut aldarrikapenarekin jarraituz, euskara ikasteko deia egin du Kontseiluak PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kanpaina berri aurkeztu du gaur, helduak euskara ikastera animatzeko helburua duena. Jarraian doaz Kontseiluak kanpainaren berri emateko prestatu dituen oharra eta bideoa.

Maiatzaren 15ean Kontseiluaren eskutik milaka euskaltzale atera zen kalera Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzera. Nafar Gobernuari indarrean duen hizkuntza-politika aldatu eta hizkuntza-eskubideak eta ondorioz, giza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko duen beste politika bat abian jartzeko eskatzera atera ginen, euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela esatera, normalizaziorako estatus egokia ezinbestekoa dela esatera atera ginen. Gobernuak bere aldetik, segitzen du entzungor egiten, segitzen du bere politika suntsitzailearekin. Ez gaitu ustekabean harrapatzen, espero genuen.

Irtenbidea, hizkuntza-politikaren aldaketa alegia, ez da etorriko UPNren Gobernuak gure deia entzun duelako, giltza herritarrok dugu. Euskaraz bizi nahi dugula adieraziz eta ideia horrekin gau eta egun kontsekuente izanez, egiten diogu lekua hizkuntzari gure egunerokotasunean, hor egiten da euskararen alde, gure espazioetan, gure jendearekin, gure ingurune hurbilean. Beraz, mezu hori igorri
nahi diogu nafar gizarteari: Euskararen etorkizuna gure esku dago eta euskaraz bizi nahi dugula etengabe adieraziz egingo diogu gure hizkuntzari behar duen lekua. Euskaraz nonahi eta noiznahi egin ahal izateko ez dakitenek, ikasi beharra dute, euskaraz bizi nahi dugunontzat oztopo izan ez daitezen, gaztelaniaz edo frantsesez egitera behartu ez gaitzaten, alegia.

Maiatzean elkarrekin, indarrak batuz arituko ginela adierazi genuen eta maiatzaren 15eko manifestazioak segida izango zuela iragarri. Hemen gaude, berriro ere, bat eginda eskubideen aldeko defentsan. Ideia bera, baina bide desberdinekin.

Euskararen normalizazioaren bidean helduok dugun zeregina oso garrantzitsua dela uste dugu. Gu gara belaunaldi berrietarako eredua, gu gara gure portaerarekin gauzak modu batez edo bestez izan daitezen eragiten dutenak. Gure jardunak ez bakarrik gure belaunaldia, datozen belaunaldiak ere modelatzeko gaitasuna du. Horregatik guztiagatik da garrantzitsua helduek euskara ikastea. Euskaltegiek ehunka irakasle prestu eta prestatu dituzte euskara kalitatez eta eraginkortasunez erakusteko, euskalduna izatea oso helburu lorgarria dela frogatzeko. Orain, euskaltegia dagokigu, orain euskaltegien garaia da. Hizkuntza eskubideen bermea gure erabakien baitakoa ere badelako dei egin nahi diegu herritarrei euskaltegietara joateko eta euskara lehenbailehen ikasteko.


Zeregin horrekin, manifestazioaren iragartze lanetan egin bezala, oraingoan ere, spot bat prestatu dugu jendea animatzeko. Jakinarazi nahi diegu euskara ikastea ez dela ona guretzat bakarrik, euskara ikasten badugu jende askok eskertuko digu, bereziki gure inguru hurbilekoek. Ikasi euskara zuregatik, zure ingurukoengatik. Bidaia kolektibo baten partaide sentitzea baino gauza handiagorik ez dago.

Ikasi euskara, eskertuko dizute from Euskararen Kontseilua on Vimeo.

Bestalde, ezin dugu aukera pasatzen utzi beste gai bat aipatu gabe. Izan ere, euskara ikastea eta oro har, euskararen normalizazioa lan kolektiboa da, non den -denok dugun zeregin bat. Zentzu horretan, ikasten ari direnei laguntzeko prest dauden herritarrak aipatu nahiko genituzke hemen. Mintzalagunek egiten duten ekarpena txalogarria iruditzen zaigu eta euskaldunak animatu nahiko genituzke ikasten ari direnei laguntzeko, prozesuaren izaera kolektiboa denon artean elikatuz.

Bat eginda gaude, bat eginda segituko dugu harik eta hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duen hizkuntza-politika berria indarrean jarri arte.

 
Euskara titulu ofizialak Bartzelona eta Madrilgo Euskal Etxeetan PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Euskal Etxea logoAste honetan lehenengo aldiz historian Euskal Etxe batek HABEko 3. mailako (C1 maila, EGAren berdina) titulua eman dezake. Duela bi urtetik Bartzelonako eta Madrilgo Euskal Etxeetan azterketa ofizialak egiten badira ere, 3. mailako azterketa egiteko Euskal Herrira joan behar zuten ikasleek. Aurten maila hau ere Euskal Etxe horietan egin ahal izan da eta 5 ikasle aurkeztu dira (denak Bartzelonan) horietatik bik idatzizko froga gainditu dutelarik. Gaur izango dute bigarren zatia, horrela historian lehen aldiz titulu hau Euskal Herritik kanpo lortu ahal izango delarik.

 Aukera hau eskaini denetik 11 titulu ofizial gailendu dira Bartzelonako Euskal Etxean, 6 lehen mailan (B1) eta 5 bigarren mailan (B2)

Informazio gehiagorako Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu –era idatzi edo 93.310.22.00 zenbakira deitu (Joseanegatik galdetu).

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 1 Zenbatetik 3
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing