| Euskaraz bizi nahi dut aldarrikapenarekin jarraituz, euskara ikasteko deia egin du Kontseiluak |
|
|
|
|
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kanpaina berri aurkeztu du gaur, helduak euskara ikastera animatzeko helburua duena. Jarraian doaz Kontseiluak kanpainaren berri emateko prestatu dituen oharra eta bideoa.
Maiatzaren 15ean Kontseiluaren eskutik milaka euskaltzale atera zen kalera Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzera. Nafar Gobernuari indarrean duen hizkuntza-politika aldatu eta hizkuntza-eskubideak eta ondorioz, giza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko duen beste politika bat abian jartzeko eskatzera atera ginen, euskarak Nafarroa osoan ofiziala izan behar duela esatera, normalizaziorako estatus egokia ezinbestekoa dela esatera atera ginen. Gobernuak bere aldetik, segitzen du entzungor egiten, segitzen du bere politika suntsitzailearekin. Ez gaitu ustekabean harrapatzen, espero genuen. Euskararen normalizazioaren bidean helduok dugun zeregina oso garrantzitsua dela uste dugu. Gu gara belaunaldi berrietarako eredua, gu gara gure portaerarekin gauzak modu batez edo bestez izan daitezen eragiten dutenak. Gure jardunak ez bakarrik gure belaunaldia, datozen belaunaldiak ere modelatzeko gaitasuna du. Horregatik guztiagatik da garrantzitsua helduek euskara ikastea. Euskaltegiek ehunka irakasle prestu eta prestatu dituzte euskara kalitatez eta eraginkortasunez erakusteko, euskalduna izatea oso helburu lorgarria dela frogatzeko. Orain, euskaltegia dagokigu, orain euskaltegien garaia da. Hizkuntza eskubideen bermea gure erabakien baitakoa ere badelako dei egin nahi diegu herritarrei euskaltegietara joateko eta euskara lehenbailehen ikasteko.
Ikasi euskara, eskertuko dizute from Euskararen Kontseilua on Vimeo. Bestalde, ezin dugu aukera pasatzen utzi beste gai bat aipatu gabe. Izan ere, euskara ikastea eta oro har, euskararen normalizazioa lan kolektiboa da, non den -denok dugun zeregin bat. Zentzu horretan, ikasten ari direnei laguntzeko prest dauden herritarrak aipatu nahiko genituzke hemen. Mintzalagunek egiten duten ekarpena txalogarria iruditzen zaigu eta euskaldunak animatu nahiko genituzke ikasten ari direnei laguntzeko, prozesuaren izaera kolektiboa denon artean elikatuz. Bat eginda gaude, bat eginda segituko dugu harik eta hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duen hizkuntza-politika berria indarrean jarri arte. |