|
Getxon ospatu den Mintza Egunean ateratako zenbait argazki dituzue hemen. Oharra: Mintza egunean egon zareten argazkilariek, "mintza eguna 08" etiketa erabili eguneko argazkiak sareratzeko.
|
|
Mingainak dantzan Getxoko kaleetan |
|
|
|
- Eguraldia lagun, 230 lagunetik gora hurbildu dira Getxora III. Mintza Eguna ospatzera
- Omenaldia eskaini zaie mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan hainbat laguni
- Bazkalostean, mingainak ez direnak ere dantzan jarri dituzte Patxi Perezek eta bere taldeak
GETXO, 2008/06/14.- Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustua, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo, Indautxu, Mahatserria, Urduña… Euskal Herriko txoko guztietako mintzalagunak hurbildu dira gaurkoan Getxora, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera. Jaia antolatzen jo eta ke aritu diren EGIZU elkarteko kideak eguna zapuztu ahal zuten bi faktoreren beldur izan dira aste osoan: garraio greba eta eguraldia (azken urteotako uholderik handienak bizi izan ditu Getxok azken bi asteburuotan). Zorionez, eguraldi itzela izan da egun osoan, eta garraioarekin ere ez da arazo handirik egon. Ezusteak, hala ere, bestelakoak izan dira: EGIZUko lagunek Euskal Herri osotik hurbildu diren 230 lagunei ongi-etorria emateko Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean –goiz osoa eman dute berbalagunek tortillak eta bestelako pintxoak ere eurek prestatzen-, herria eta haren historia ezagutzeko bisita gidatua hasi behar zen, Xabi Paiaren eskutik. Paia, hala ere, gaixorik dabil egunotan, eta haren ordez Algortako berbalaguna den Josu Larrañagak gidatu du ibilbidea, ederto gidatu ere. Ibilaldia hasi aurretik, txalapartariek egin dute jendea hurbiltzeko deia, eta Algortako Bertso Eskolako Inaxio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek egin diete hitzezko ongi etorria bertaratutako lagunei, ondoren ibilalditxoa hasteko. Lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso gertu izan da, Etxetxu delakoaren parean. Larrañagak azaldu duenez, portu zaharraren gaine-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri ditu gogora, gainera: antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, portu zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa, Un poco de chocolate filmaren gorabeherak… Jarraian, eta eguzki galdatan denbora guztian, Usategi parkera hurbildu dira berbalagunak: berez gotorlekua izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloretako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko… Gero Getxo Antzokiko plazan bildu dira denak, eta bertan oso kalejira berezia hasi da: hasi trikitixaren soinuekin hasi da, baina, halako batean, trikia batukada talde bateko soinuekin nahasten hasi da, eta horrelaxe joan da taldea Algortan gora eta behera, euskal musika (eta dantzak!) batukadaren erritmoekin nahasten. Kalejira benetan ikusgarria izan da, eta kalean zebiltzan guztien jakin-mina piztu du. Musikak, eguraldiak eta azterketak bukatu berri dituztenen jairako gogoak giroa pizten joan dira konturatu gabe. Konturatu orduko, ordu bi eta erdiak iritsi dira, bazkaltzeko ordua. Algortatik Erromora metroz joan ostean, Getxoko Udalak Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian bildu dira mintzalagunak, bapo bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa, patata frijituak… postrearen orduan, Getxoko Berbalagun arduradunak, Ander Egiluzek, arreta apur bat eskatu du. Lehenengo eta behin, eskerrak eman dizkie Anderrek Mintza Eguna antolatzen ibilitako guztiei: EGIZUko lagunei, Topaguneari, bereziki Oskar Zapata Mintzapraktika arduradunari, Udalari eta, nola ez, bertaratu diren guztiei. Banan-banan aipatu ditu Anderrek Getxora hurbildutako talde guztiak, Austriatik eta Argentinatik etorritako lagun bakan batzuk ere barne, txalo zaparrada itzelak eraginez. Jarraian, iaz Donostian hasitako ohiturari jarraiki, omenaldi txiki bat egin zaie mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni:
-
-
- Juan Luis Zabala ‘Mallabi’ arrasatearra, bidelari izatetik bidelagun izatera pasatu delako, hots: euskarazko jarioa hobetzeko laguntza jasotzetik, ematera.
- Rosa Ramos, Iruñerriko euskara teknikaria, urtetan bertako mintzakide egitasmoa aurrera ateratzen laguntzen jo eta ke ibili ostean, datorren irailetik aurrera ezin izango duelako jarraitu.
- Joseba Basterra, Mahatserrikoa, bertako mintzapraktika egitasmoko aitzindaria delako
- Dabid Cascan, Barakaldokoa; bere herrian, Santutxun, Sestaon eta Getxon bidelari ibili ostean, euskararekin maitemindu eta mintzapraktika talde baten ardura hartzeko urratsa eman duelako aurten.
- Lexuri Sanpedro. Aixerrota institutuko ikaslea 16 urterekin hasi zen iaz, eta berbalagunik gazteena da.
- Juan Miguel Artabe, Juan Felix Oleaga, Jesus Garcia, Jose Ramon Onaindia, Luis Mari Etxezarraga eta Ander Madariaga: Getxoko berbalagunen artean beteranoenak, astean hirutan biltzen dira mingainari eragiteko, beti bezain gogotsu.
Sari banaketa amaitutakoan, Patxi Perezen musikariak eskenatokira igo eta suabe-suabe hasi dira jotzen, jendea animatzen hasteko. Dena den, sari-banaketak eta, noski, bazkalosteko kopatxoek ere nahiko animatuta zeukaten ordurako, eta Perezen saio ‘interaktiboak’ berehala jarri ditu martxan berbalagun guztiak. Jai-giroa, beraz, iluntzera arte luzatu da Getxon, eta Egizuko lagunak pozik egon daitezke egindako lanaren emaitzarekin. Horren proba argia, mintzalagunak “hurrengoa noiz, hurrengoa noiz?†galdezka amaitu izana. Datorren urtean izan beharko du, ba!
|
|
Kultur Errotaren eskaintza berritua |
|
|
|
Formatu txikiko kultur emanaldien zirkuitua den Kultur Errotak bere eskaintza berritu du. Urtero modura, bi eskarialdi zabaltzen zaizkie Topaguneko bazkide diren euskara elkarteei, hurrengo hilabeteetarako emanaldiak eskatzeko.
Ekainaren 3tik aurrera, eskaintza zabalik dago berriro. Euskara elkarteek ekainaren 24a baino lehen eskatu beharko dituzte iraila eta abendua bitartean egin nahi dituzten emanaldiak. Lau hilabeteotan 80 emanalditik gora programatzea aurreikusten da.
Eskaintza berritua aurkeztu du Kultur Errotak oraingoan. Urtero-urtero kultur ikuskizun berriak sartzen dira Topagunetik zabaltzen den eskaintzan eta oraingoan hauek dira berrikuntzak:
- Musika
- Igor Calzada
- Urko Menaia
- Zeren Zai
- Helduentzako antzerkia
- Ander Lipus & Caravana: Hala mintzatu zan Zappatrusta
- Kili-Kolo Antzerki Taldea: Klowntuz! Mendia!
- Le Petit Theatre de Pain: Aulki hutsa
- Le Petit Theatre de Pain: Juglarea, puta eta eroa
- Zirika Zirkus: Nik egin beharko
- Haurrentzako antzerkia
- Antzezkizuna taldea: Ipuin lapurra
- Eidabe: Ametsen museoa
- TTR Teatro: Salam
- Magia eta zirkoa
- Panpin Panpox: Sol-La-Si-La-Tzen
- Kiki eta Koko: Ni Natura naiz
- Tor Magoa
- Upo, Topotin eta Bartolina pailazoak
- Ipuin kontalariak
- Literatura emanaldiak
- L. Bilbao, M.A. Meabe, Y. Arrieta, E. Gabiola eta U. Laka: Esanen aduanan
- M. Agirre: Zer gaineko Berlin
- Bidaia diaporamak
- Alberto Iñurrategi: Begiz Begi
- Bizibidaia: Euskal Herriko itzulia
- Felipe Uriarte: Shesheren herrian
- Bestelakoak
Eskaintza osoa ikusteko aukera dago Kultur Errotaren atalean
|
|
Tokiko hedabideen lan poltsa martxan |
|
|
|
Topagunearen Hedabide Sailaren aurtengo egitasmoen artean, Tokiko Hedabide federatuontzako lan poltsa sortzea zegoen. Lan poltsa horretan, gure hedabideotan lan egiteko prest egon daitezkeen lagunen fitxak izango ditugu: kazetariena bereziki, baina baita argazkilari, administrari, maketatzaile, komertzial eta abarrena.
Zerbitzua martxan dago jadanik, eta funtzionamendua nahiko erraza da:
Hautagaiek egin beharrekoak: -Topagunearen web orrian aurkituko duen PDF formularioa jaitsi eta bete (artxiboan bertan idaz daiteke, Word dokumentu bat balitz moduan). Formularioa dokumentazio atalean dago, Hedabideen karpetan. -Formularioa, kurrkulumarekin batera, Topagunera bidali (bertan agertzen dira helbideak). -Listo. Fitxa jasotzean, konfirmatu egingo diogu, eta bi urtez izango dugu kontsultagarri.
Hedabideek egin beharrekoak: -Langileren bat behar izanez gero, Topagunearen Hedabide Sailarekin kontaktatu, telefonoz zein e-mailez (behean dituzue kontaktatzeko bideak). -Azaldu zer nolako profila behar duzuen eta guk egingo dugu bilaketa lan poltsan. Zuen beharrekin bat datorren hautagairik aurkituz gero, haren fitxa eta kurrikuluma helaraziko dizkizuegu zuek baloratzeko.
Informazio gehiago behar izanez gero, Topagunearen webguneko Hedabideen atalean aurkituko duzue.
|
|
|