Berriak
MINTZA EGUNA 2011 PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Elizondon barna
Egizu cc-by
270 mintzalagun inguru bildu ginen Elizondon ekainaren 4an Mintza egunaren seigarren edizioa ospatzeko. Giro ederra sortu zen goizean goizetik Elizondoko karriketan. Horien barna ibili baikinen, Baztango fanfarremifa lagundurik, tartean Pello Iriarte bertako historialariak pasadizio hainbat kontatu zituelarik. Bazkaltzen patxadaz,  gustura aritu ginen Merkatuen plazan eguraldia ederra probestuz. Ostean, urtero bezala sari banaketa ekitaldiari ekin genion, Joseba eta Pernando gidari zirelarik. Aurtengoan: Adelina, Ainhoa, Urko, Jon Mikel, Josean eta Txomin mintzalagunaren ekarpena goraipatu genuen, bakoitzari zilarrezko pina  eta Baztango Bertso eskolako lagunen ahotik  bertso sorta oparitu genizkien eta bukatzeko dantzarako gogoa zuten horiek hortxe ibili ziten jiraka eta bueltaka orain arin-arina orain fandangoa  gaueko,....................arte.

 
Ekainaren 4an Mintza Eguna Elizondon!! PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Ekainaren 4an Mintza Eguna Elizondon!!
Mintza Egunaren seigarren edizioa ospatzeko Nafarroara itzuliko gara, Elizondora hain zuzen ere. Bertan  jai egun bikain bat pasatzeko lanean ari gara Baztan eta Bortzirietako Solaslaguneko dinamizatzailearekin batera.  Ekainaren 4an izanen den Mintza Egunerako hauxe da prestatzen ari garen egitaraua:
-    11:00: Ongi etorria
-    12:00: Ibilaldi gidatua
-    13:30: Mintza bermuta
-    14:30: Bazkaria Merkatu Plazan (euria eginez gero frontoian eginen da).
-    16:00: Sari banaketa
-    16:30 Euskal Erromeria
MINTZA EGUNA. MINGAINAK DANTZAN
 
Nafarroako batBIRAlau kultur zirkuituaren laugarren edizioa, larunbatetik aurrera PDF fitxategia Inprimatu E-posta
  • Gose Kalitate eta formatu handiko euskarazko lau ikuskizun eskainiko ditu Nafarroako beste horrenbeste herritan

  • Maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 12an amaituko da

  • Txalo Produkzioak “Baginaren bakarrizketak”, Sorkun, Gose eta Ruper Ordorika izango ditu gonbidatu.

IRUÑEA, 2011/05/18.- Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak batBIRAlau, euskal kulturaren Nafarroako zirkuituaren laugarren edizioa antolatu du. Zirkuitua maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 12an amaituko da, eta formatu zein kalitate handiko lau ikuskizun eramango ditu Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoitzera.

Federazioaren zein bere kide diren Euskara Elkarteen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintza lantzen dute, kultur sormena eta haren kontsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, gainera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dute bakarkako eskaintzen aurrean. Izan ere, Euskara Elkarteen izaera zein kopurua kontuan hartuta (Nafarroan 16 elkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera paregabea eskaintzen dute ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jende gehiagorengana iristeko. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituen Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta hari lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak.

Horien haritik, Nafarroan kalitate handiko euskarazko kultur programazio koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten laugarrenez gauzatzen dena. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamika indartzea eta aberastea du, ikusleen bizi kalitatea hobetuz.

Horretarako, aurreko hiru edizioen bideari jarraiki, kalitate goreneko lau kultur ikuskizunek osatutako ibilbide koordinatu eta erakargarria eskainiko du Nafarroako hainbat zonaldetan. Eskualde bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartu eta hainbat ikus entzule mota zein adin talderi zuzendutako kultur eskaintza askotarikoa eta erakargarria antolatu du Topaguneak.

Horrelako proiektu bat aurrera eramateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez ezik, egitasmoaren helburu nagusienetakoa ere bada, erakunde publiko zein pribatuekin eta gizarte mugimenduarekin elkarlanean aritzea. batBIRAlau izeneko egitasmo hau, horren adibide argia da: euskara elkarteen ekimenez abiatu zen kultur zirkuitu honek, CEDERNA GARALURek emandako bultzadari esker egin du bide eta Leitza, Etxarri Aranatz, Bera eta Agoizko udalek, eta Diario de Noticias zein Berria egunkariek eskainitako babesean aurkitu du aurrera jarraitzeko adorea.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 93 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

EGITARAUA

Maiatzaren 21ean, larunbata, 20:00etan, Leitzako Zineman: Txalo produkzioak: “BAGINAREN BAKARRIZKETAK”.

Ekainaren 3an, ostirala, 22:00etan, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean: SORKUNek Emanaldi akustikoa aurkeztuko digu.

Ekainaren 4an, larunbata 22:00etan Berako Kultur Etxean: GOSE

Ekainaren 12an, igandea, 19:00etan, Agoizko Kultur Etxean: RUPER ORDORIKA

 
Euskarazko hedabide ez publikoen kanpaina PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Otsailean abiatu zuten kanpainari segida emanez, euskarazko hedabide ez publikoen ordezkariek agerraldia egin dute gaur Donostian, otsailaren 15ean abiatu zuten alderdi eta instituzioekiko bilera errondaren balorazioa egin eta aurrera begirako pausuen berri emateko.

Prentsaurrea

Inazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) DOnostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

internetInazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) azaldu dira gaur hedabideen aurrera. Otsailaren 15etik hona alderdi politikoekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta EAEko hiru Foru Aldundiekin. Iparraldeko erakundeekin ere badira harremanak, baina horiek une hauetan garatzen ari dira. Hedabideen ordezkariek azaldu dutenez, harrera ona izan dute joan diren guztietan, eta hiru gai mahaigaineratu dituzte: sektorearen egoera erakunde publikoekin elkarlanean aztertzeko beharra, diru-laguntzak %25 handitzeko eskaria eta publizitate instituzionalaren %25 ere euskarazko hedabide ez publikoetara bideratzeko beharra.

Lehen puntuari dagokionez, EAEko erakunde publikoak behintzat prest azaldu dira sekotrearekin batera bildu eta egoera aztertzeko, eta Jaurlaritzak HAKOBA koordinazio batzordearen saio monografikoa irailean deitzeko konpromisoa hartu duela esan dute hedabideen ordezkariek. Diru-laguntzak handitzearen inguruan, berriz, "kezka" adierazi dute, erakunde guztietan horretarako zailtasunak iragarri baitituzte.

Publizitateari dagokionez, hedabideek galdera parlamentarioak egiteko eskatu diete alderdiei, eta halaxe egin dute Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta hiru aldundietako Batzar Nagusietan. Erantzunak Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak soilik eman dute momentuz. Nafarroako datuetan argi geratzen da euskarazko hedabideetara bideratzen den publizitate instituzionala hutsaren hurrengoa dela, eta Eusko Legebiltzarrari dagokionez, berriz, datuak eman diren moduagatik "ez dago jakiterik zenbat bideratu den erdarazkoetara eta zenbat euskarazkoetara"

Sektorearen egoerarekiko kezka zabaltzeko asmoz, euskarazko hedabide ez publikoek komunikazio kanpaina ere aurkeztu dute gaurkoan. Kanpainaren barruan, formatu ezberdineko iragarkiak sortu dituzte irrati, telebista, paper zein internet bidezko hedabideetarako.

 

Adierazpen osoa: icon Euskarazko Hedabideak, denon beharra (55.83 kB)

 
Urteko Batzarra egin dugu Iurretan PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Euskara elkarteen mugimenduak jarri dituen erronka berriei nola heldu izan dugu eztabaidagai gaur goizean Iurretan (Bizkaia) egin dugun Topagunearen Urteko Batzar Nagusian. Azken urtean egindako gogoeta prozesuaren ondorioak onartu ziren otsailaren bukaeran egindako kongresuan eta, ondorioz, lan-ildo berriak zabaldu zaizkio mugimenduari. Euskal Herriko 96 euskara elkarte batzen dituen federazioak 20.000 euskaldun baino gehiago batzen ditu bere baitan.

DSCN3021

Erronka berrituak

2010 urteko jardueraren balorazioa egiteko baliatu da batzarraren lehen zatia. Balorazio horretan bi ardatz nabarmendu dira: batetik, euskara elkarteen mugimenduak azken urtean egindako gogoeta eta Kongresua gizarte mugimendu honentzat mugarri modura baloratu da. Parte hartze zabalarekin burutu den gogoetak mugimenduaren hurrengo urteetarako norabidea zehazteko baliagarria izan dela azpimarratu da eta 2011n bertan erronka berrituei heldu zaiela azaldu du Jasone Mendizabal zuzendariak. Bestetik, 2010 urtea etorri berriak euskarara hurbiltzeko Auzoko egitasmoari bultzada emateko urtea izan dela azpimarratu eta egitasmoaren balioa nabarmendu da. Izan ere, sei herritan abiatutako egitasmoak herriotako herritar euskaldunak eta herriotara heldu berri diren eta euskara ezagutzen ez dutenen artean harremana sortzeko balio izan duela ikusi da. Hurrengo urtetarako ere egitasmo honi bultzada eta zabalkundea ematen jarraituko du Topaguneak.

2011 ekitaldirako erronkak ere azpimarratu ditu Topaguneko zuzendariak Batzarrean. Mugimenduaren gogoetan landutako lan-ildoei jarraituz, pentsamendua garatzeari eta mugimendu barruan transmisioa lantzeari arreta berezia eskainiko dio federazioak hurrengo hilabeteetan, baita herriz herriko euskara elkarteekin batera lan ildo berriak martxan jartzeari ere.

 

Zuzendaritza Batzordea

Estatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da. Sei zuzendaritzakide berrik hartu dute kargua: Getxoko Egizu elkarteko Rozio Luces, Iruñeako Karrikiri elkarteko bazkide Rosa Ramos, Deustuko Berbaizu elkarteko Nico Cuenca, Laudioko Basalarrina elkarteko Natxo Urkixo, Bergarako Jardun elkarteko Maitane Arizabaleta eta Topaguneko langile den Oskar Zapatak.

Bazkide berriak

 

Zuzendaritzako kide berriei ez ezik, azken urtean Federazioan bazkidetza eskatu duten bi elkarteri ere eman die ongi etorria Batzarrak:

· UKberri (Uribe Kosta eta Erandio)

· Pausumedia elkartea (Behe-bidasoa)

Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 96 elkartek osatzen dute Topagunea.

 

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 4 Zenbatetik 33
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing