Berriak
KAMERATOIAn izena emateko epa zabalik PDF fitxategia Inprimatu E-posta

 

KAMERATOIA, Ikus-entzunezko Rallyaren 6. edizioa prest dago jadanik. Topaguneak eta Ermuko Udalak antolatu duten lehiaketa Ermuan izango da aurten, eta aldaketa nabarmenak ditu mekanikan. Haur eta Gazte Saileko ardura duen Sonia Pérez Anguerak azaldu dizkigu berrikuntzak ondoko bideoan:

Lehiaketan parte hartu nahi duzuenok URRIAREN 7ra arte duzue izena emateko aukera. Informazio gehiago eta izen-ematea bera rallyaren webgunean duzue.

 
Zumaiako Baleike aldizkariak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Zumaiako BALEIKE hilabetekariak jaso du Andoaingo Udalak urtero ematen duen Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia.  2009ko maiatzetik 2010eko maiatzera Euskal Herriko telebista, irrati eta paperezko komunikabideetan argitaratutako lanak hartu ditu epaimahaiak kontuan saria erabakitzeko. Diploma, Xabier Laka eskultorearen oroitikurra eta 9.000 euro jaso ditu Baleikek.

argazkia_fotonoHauek dira epaimahaiak gaurko ekitaldian azaldu dituen arrazoiak saria Baleikeri emateko:

"Papereko aldizkaria da, hilabetekaria, eta iraganean, neurri batean bederen, egunerokotasunari lotzen zitzaion. Hilabetekari izaten jarraitzen du, baina euskarri ezberdinetaz baliatuz garai berrietara eta irakurleen apetetara egokitzen asmatu du. Papereko aldizkariak sakoneko aldaketak egin ditu, egunerokotasuna alboratu du, erreportaje landuen gune bihurtu da; baina ez du baztertu egunerokotasuna, beste modu batean lantzeari ekin baizik: halatan, eguneroko informazio eta jakingarriei web gunean egiten die lekua.

Berrikuntza ipar-orratz hartuta, paperean argitaraturiko idazlan asko bideo eta argazki bidez osatzen eta aberasten dituzten web gunean.

Berrikuntza eta kalitatea uztarri berean doaz: horretaz jabetzeko aski da idazketa zainduari, infografiari, maketazioari eta erreportaje-moten ugaritasunari erreparatzea. Erakargarria zaio irakurleari, edukia ez ezik baita papera eta kolorearen trataera bera ere. Hitz bitan esanda, produktu betea.

Iturriak bikain bilatu eta baliatzen ditu, tokikoak ez ezik kanpokoak ere.

Toki aldizkaria izanik, tokikoa eta globala egoki uztartzen asmatu dute, bertakokerietan erori gabe baina bertakoa den produktua eginez.

Toki aldizkaria goi mailako aldizkari bihurtu da, toki aldizkari izateari utzi gabe. Eredugarria da, ezbairik gabe, toki-aldizkarientzat, aipatu ditugun ikuspegi guztiengatik eredugarri".

BALEIKErekin batera, Beñat Sarasolak jaso du Kazetari Berria saria, Berrian idatzitako literatura kritikengatik, eta Imanol Muruak Sari Berezia, Loiolako Hegiak lanagatik. Ohorezko aipamena, berriz, ARGIA astekariak jaso du, 90 urteko ibilbide oparoa goraipatuz.

 
Ikus-entzunezkoak sortzeko BENITO ANSOLA BEKAren aurkezpena PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Topaguneak BENITO ANSOLA BEKEN lehen edizioa aurkeztu du. Beka horien helburua euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea da, eta Topaguneak berak sortu ditu, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine eta Bideo Bileraren laguntzaz eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza zein Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren babesaz. Benito Ansola beken aurkezpena

Bekak sortzaile gazteei zuzenduta daude, eta euskarazko ikus-entzunezkoak sortzea lagundu nahi dute. Horretarako, 4.000 euroko bi beka emango dira gehienez, iraupen laburreko ikus-entzunezko lanak ekoizteko. Bekak jasotzeko, hautagaiek ikus-entzunezko lanaren proiektua aurkeztu beharko dute irailaren 27a baino lehen. Ondoren, epaimahai batek jasotako proposamenak aztertu eta bi onenak aukeratuko ditu beka emateko. Deialdiaren oinarri guztiak dokumentu honetan topa daitezke.

Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera eta Benito Ansola

Bekadunak zeintzuk izan diren Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran iragarriko da, azaroaren 27ko itxiera ekitaldian, eta orduan jasoko dute bekaren lehen erdia. Bigarren zatia, berriz, lana bukatutakoan emango zaie. Edonola ere, bekadunek 2011ko maiatzaren 27ra arteko epea dute lana bukatu eta entregatzeko. Haien zabalkundea errazteko, beka lortzen duten lanak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean hedatuko dira.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928ko abuztuaren 13an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen, eta 1953an apaiz ordenatu zuten Bilbon. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, baina gainera, zinemazale amorratua izanik, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. Markinako zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak ere zuzendu ditu, eta 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin. Aurkezpenean esan duen moduan, 'ohore handia' da harentzat honelako beka bati bere izena jartzea.



icon Benito Ansola Bekak 2010 - Oinarriak (126.36 kB 2010-07-01 05:06:18)
 
Orio eta Aiako Karkara aldizkariak diseinu berria du PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Orio eta Aiako KARKARA hamaboskariak 282. zenbakia argitaratu berri du, eta harekin batera erabateko aldaketa egin dio diseinuari.

Karkara berriaren diseinua Danel Agirre Lertxundi zarauztarrak egin du eta lehenengo begiratuan sumatzen da aldaketa. Azala dinamikoagoa da orain, eta aldakorra izango da nabarmendu nahi den gaiaren arabera. Barrualdean ere nabarmenak dira aldaketak: iritzi ataleko irudiak desgaertu dira testuari pisu gehiago emateko, eta, oro har, diseinu arin eta garbiagoa du orain aldizkariak.

Onena, hala ere, zuek zeuek ikustea da. Horretarako, aldizkaria osorik deskargatzea baino ez duzue.

 
Elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia eskuliburua aurkeztu du Topaguneak PDF fitxategia Inprimatu E-posta

“Elkarteetan eragiten hitzarmengintzaren bidez. Entitateak euskalduntzeko metodologiaren garapena” eskuliburua aurkeztu du Topaguneak gaur, ekainaren 22an Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegiko ekitaldi aretoan. Eskuliburu honek, era guztietako elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko metodologia garatzen du.

Euskara elkarteek 20 urtetan gizarteko eremu sozioekonomiko ezberdinetan landutako hitzarmengintza egitasmoen metodologia du oinarrian gaur aurkeztutako proposamenak eta Iñaki Eizmendik, ebete zerbitzuetako arduradunak, herrietan diharduten era guztietako elkarteetara egokitzeko lana egin du, Topaguneko Entitateak Euskalduntzeko Saileko Piedad Dorado (Durangoko Berbaro euskara elkartea), Ainara Labado (Eibarko ....Eta Kitto! euskara elkartea), Itziar Larzabal (Irun Iruten euskara elkartea), Galder Unzalu eta Sonia Perez-ekin batera.

Gaurko aurkezpenean Topaguneko ordezkari Jasone Mendizabal eta Galder Unzalurekin batera, Ebete-ko Iñaki Eizmendik parte hartu du. Metodologiaren garapen eta argitalpenean Topaguneak lagun izan ditu era berean Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza, babesle modura.

Iñaki Eizmendik metodologia bera aurkeztu du. Eskuliburua tresna modura jaio dela azpimarratu du eta helburu zehatza duela gogoratu du: elkarteetan eragiteko tresna zehatz, erabilgarri eta praktikoa eskaintzea, elkarteotako bizitza soziala (barne eta kanpo funtzionamendua) euskaldundu dadin.

Metodologia aplikatzeko hiru plan pilotoen emaitzak ere aurkeztu dira. Ermua, Deustu eta Ordizian izan dira proiektuok martxan 2009 eta 2010 urtean zehar eta landu diren arloetan (aisialdi, kirol eta kultur elkarteekin landu da nagusiki orain arte) emaitza interesgarriak lortu ditu. Ermuako Euskal Birusa, Deustuko Berbaizu eta Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak izan dira herri hauetan egitasmoak gidatu dituztenak. Azken hilabeteetan beste herri batzuetara hedatzen hasi da metodologia.

Liburua salgai dago Topagunean eta hurrengo asteotan ahalik eta hedapen zabalena emango zaio metodologia garatzeko interesa duten erakundeen artean.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 8 Zenbatetik 33
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing