Berriak
300 bat lagun bildu dira gaur Arrasaten Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatzeko PDF fitxategia Inprimatu E-posta

TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED Elkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak elkartzeko eta jai-egun entretenigarria euskaraz pasatzeko helburua duen jaia. Berbalagunak, solaskideak, mintzalagunak... Hego Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu dira Arrasatera mingaina gustura astintzeko.

Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin dute Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera denak sakabanatu behar zituela ematen zuen arren, azkenean eguraldiak ere bat egin du jaiarekin, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez da egon.

Hamaiketakoaren ondoren Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi da, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik utzi du bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta hirigintza arauak gaitzat hartuta.

Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri diote piperra goizari, eta jaso duten txalo zaparrada ikusita, entzuleek gustura hartu dituztela esan daiteke. Gero entzuleak beraiek izan dira protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta dantzan jarri baitituzte, hala Mintza Egunera etorritakoak nola kalean zebiltzan herritarrak ere.

Kalejiraren ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian elkartu dira elkarrekin bazkaltzeko. 270 lagun batu dira han guztira, eta, postrean, eguneko unerik hunkigarriena iritsi da: urtero egiten den sari banaketarena, hain zuzen ere. Sari horiekin, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena duten lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko direla ahalegin hori egiten dutenak, aurten zazpi izan baitira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta duela 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.

Guztiek ere hunkituta jaso dute saria, eta eskerrak eman ondoren erromeriaren txanda izan da. Seguruenik, horixe izan da eguneko sorpresarik handiena askorentzat: izan ere, musikari senegaldarrek eta ganbiarrek osatzen duten Kataia taldeak izan du musika jartzeko lana: taldeak musikarien herriko musika egiten du, euskarazko letra jarrita, nahasketa bitxia sortuz.

Hasierako ezustekoa gaindituta, asko izan dira Kataiaren erritmoekin dantzara animatu diren berbalagunak zein kaleko herritarrak, eta halaxe, kantuan eta dantzan joan da arratsaldea, dezente luzatu dena. Bosgarrena ia-ia amaitu gabe oraindik, eta partaideetako asko galdezka hasi dira jadanik, seigarrena non eta noiz izango den.

Seigarren Mintza Eguna TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED elkarteak eta ZaharBerri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udalaren babesaz, eta AEK zein IKAren laguntzarekin.

 
Mintza Eguneko abestia aurkeztuko da igandean PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Datorren igandean, ekainaren 6an, Arrasaten egingo den Mintza Egunerako abestia prestatu dute Jokin Labayen, Manex Agirre eta Nerea Urrak. Goiena.net atarian abestiaren hitzak ezagutzera eman dituzte, iganderako parte hartzaileek kantua ikasi ahal izateko.

Seigarrenez ospatuko da aurten Mintza Eguna, Euskal Herriko Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide eta Solaslagunen topagunea izateko jaio den eguna. Aurten Arrasaten egingo da eta jadanik ia 250 lagunek eman dute izena bazkarirako. Arrasateko Mintza Egunaren antolaketan Topagunea eta AED elkartearen Zahar Berri programako kideak aritu dira.

Iturria: Goiena.net

 
Literaturia, asteburu honetan Larrabetzun PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Literaturia kartelaLiteratura Eskolak antolatuta, Literaturia euskal literaturaren plaza izango da Larrabetzun ekainaren 4tik 6ra. Bertan euskaraz argitaratzen duten argitaletxeak elkartuko dituen azoka gunea egongo da; nobedadeen berri emango da idazleen presentziarekin; poesia eta musika errezitaldiak, kontzertuak, haur eta gazteentzako antzezlanak eta oro har letrei loturiko ekitaldiak eskainiko dira.

Aurten mila irakurle eta hamaika gehiago elkartzeko xedea finkatu du antolakuntzak, eta horregatik literatura eskola 111 akademiarekin eta Euskal Herri osoko irakurle klubekin elkarlanean egingo da: Literaturaz ari garenean sarri aipatzen da irakurlea, baina ezer gutxi dakigu euskal irakurlegoaz. Aurten Euskal Herri osoko irakurleek aukera izango dute elkarrekin kezkak eta esperientziak partekatzeko, eta gero haiek izango dira liburuak kaleratu berri dituzten idazleei aurkezpenetan galderak egingo dizkietenak.

Informazio gehiago eta egitasmoaren egirau zehatza kontsultatzeko, bisitatu haren webgunea.

 
Mintza Egunaren bosgarren edizioa, ekainaren 6an Arrasaten PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Arrasateko Udalean egindako prentsaurrekoan, TOPAGUNEAk, ZaharBerrik eta Arrasateko Udalak berak Mintza Egunaren VI. edizioa aurkeztu dute gaur.

MINTZA EGUNAREN AURKEZPENAPrentsaurrekoan Arkaitz Biain Euskara saileko zinegotziarekin batera, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, eta Zahar Berriko teknikaria den Maitena Arana izan dira.  Ekitaldia laguntza hitzarmena sinatzeko aprobetxatu dute Topaguneak eta Arrasateko Udalak, Mendizabalek eta Bianek izenpetu dutena.

Mintza Egunera gerturatzen direnek Arrasteko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute, “eta baita mingainak dantzan jartzeko ere”.  Jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da, Biteri Plazan egingo den ongietorria eta hamaiketakoaz.  12:00etan ibilaldi gidatua egingo dute bertaratutakoek tokiko berezitasunak ezagutzeko, eta 13:30etan kalejiraren txanda izango da.

Eguerdi partean indarrak berritzeko unea izango da, eta horretarako Arrasate Errugbi taldeak Herriko plazan jarriko duen karpan bazkalduko dute 14:30etatik aurrera.  Esan beharra dago 300 pertsona inguru espero dutela, “halere bazkaltzeko 500 txartel ditugu, AED elkartean, Monte eta Irati tabernetan salgai daudenak”.  15:30etan une hunkigarria biziko da, sari banaketa burutuko baitute.  Sari hauek urtero banatzen dira, Mintzapraktika egitasmoetan pertsona ezberdinek egin duten ibilbideak omentzeko.

Arratsaldeko 16:00retan jaialdia bere azken txanpan sartuko da, Kataia taldeak erromeria eskainiko baitu.  Esan beharra dago honako hau Mintza Egunaren berritasun  nagusia izango dela, Markina eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten  duten senegaldar eta ganbiarrek osatzen baitute Kataia.  Aranaren esan “arratsaldeko 18:00ak aldera espero dugu jaialdiari amaiera ematea”.

 

 
Milaka lagunek aldarrikatu dute euskaraz bizitzeko eskubidea PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Iruñean antolatutako manifestazioan milaka lagunek parte hartu dute. Golem zinemetatik abiatu eta Gazteluko plazan amaitu da martxa. ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea' aldarrikapenarekin bat egin dute milaka lagunek.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri zuen manifestazio amaieran Kontseiluaren aldarrikapena.

Iñaki Lasak, Kontseiluaren ildo politiko instituzionaleko arduradunak manifestazioaren amaieran azaldu zuenez, "Iruñean inoiz euskararen alde egin den manifestaziorik handiena izan da".

Balorazio oso ona egin du Kontseiluak egindako deialdiak izan duen erantzunaz. Manifestazioa ez dela ezeren amaiera aipatu du Lasak. "gaurko manifestazioa zerbaiten hasiera besterik ez da. Aurrera begira lan egiteko oinarriak jarri behar ditugu".

Informazioa hedabideetan:

Berria

Gara

Diario de Noticias

Nafarroan.com

Zuzeu.com

Diario de Navarra

ABC

Nabarreria.com

euskalherrian.info
 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 9 Zenbatetik 33
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing