Urko Aristik maiatzaren 15eko manifestazioan parte hartzeko deia egin du
Topagunearen Zuzendaritza Batzordeko kide ohia den Urko Aristik ere deia egin du Nafarroako euskalgintzak maiatzaren 15erako deitutako manifesatzioan parte hartzeko. Gogoratu atxikimendua erakusteko auklera ere badagoela manifestazioaren inguruko bloga erabiliz.
Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren laugarren edizioa aurkeztu du Bilbon. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 16 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
Irakurri
Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtzea, noski.
Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun... Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu
Azken pausua, aurrekoetan bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari... edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea
Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Hasiera, Liburuaren Egunean
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu' egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 24an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.
Esan bezala, 16 herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen hiru hilabeteotan, tokian tokiko Euskara Elkarteek sustatuta:
Tokiko hedabide berri baten jaiotza ospatu dute asteburuan Arabako Aiaraldeko eskualdean. Aiaraldea.com bertako euskaltzale talde batek sortutako proiektua da, eta eskualdeko hainbat eragileren inplikazioa lortu du planteamendu ireki eta partehartzaileari esker. Edukiei dagokienez, multimediaren aldeko apustu argi eta garbia egin dute Aiaraldea.com-en, eta dagoeneko era guztietako edukiak aurki daitezke euren webgunean: telebista, klipak, ikus-entzunezko erreportajeak, audioak, idatzizko albiste arin eta azkarrak, elkarrizketak, kultur ondarearen txokoa, foroak, blogak…
Topaguneatik ongi etorri beroa eman nahi diogu proiektu berriari, eta zorionak sortzaileei sortu duten produktuaren kalitateagatik. Urte askotarako!
Abiatu berri duen Kongresua izan da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren Urteko Batzar Nagusiko protagonista larunbatean, apirilaren 17an, Iurretan (Bizkaia) egindako bilkuran. Euskara Elkarteen Mugimendua XXI. mendearen erronkei begira jarri da eta bere oinarriak birpentsatu eta biziberritzeko oinarriak jarriko dira Kongresuaren bidez. Hausnarketa prozesu honen bidez, barne kohesioa areagotu nahi du. Euskaldun kontziente eta aktibo gero eta gehiago erakarri nahi dira mugimendura, elkarteon jarduna eta eragin eremuak zabaltzeko helburuaz.
2009aren balantzea eta 2010eko plana
2009 urteko jardueran krisi ekonomikoak zeresana eman du, elkarte batzuetan besteetan baino gehiago eragin duelarik. Oro har egitasmo nagusiei eutsi bazaie ere, zenbait elkartetan jarduera dezente murriztu behar izan da eta zenbaiten egoera larria ere azpimarratu da. Krisiak krisi, federazioak egitasmo berriak martxan jarri dituela azaldu du Karmen Irizarrek eta sentsibilizazio sailetik abian jarritako motibazio tailerrak eta etorri berriak euskarara hurbiltzeko "Auzoko" egitasmoa aipatu ditu berritasunen artean.
2010era begira honako erronka nagusiak azpimarratu dira: TOKIKOM garatzea, aisialdi egitasmoen inguruan ikerketa eta garapenean ahalegin berezia egitea eta kultur dinamiken inguruan gogoeta eragitea, besteak beste. Bestalde, Araban egingo den sustapen lan trinkoa azpimarratu du Jasone Mendizabalek eta azarorako Gasteizen egingo diren jardunaldiak izan ditu aipagai.
Egitasmo zehatzetatik haratago, Iker Martinez de Lagosek 2009an bazkideei egindako inkestaren ondorioak azaldu ditu eta besteak beste, mugimenduaren garapenerako hausnarketa eskariari erreparatu dio. Kongresuak bazkideen eskari horri erantzun nahi dio lehentasunez. Euskara elkarteek gizartean egun betetzen duten funtzioa aztertu eta hurrengo urteotako erronkak zehaztea du xede abiatutako gogoetak eta bertan berraztertuko dira euskara elkarteen pentsamendua, helburuak, jarduerak eta antolakuntza. Bi urteko prozesua bazkide kanpaina bateratu batekin amaitzeko asmoa dago eta Batzarrak lehentasunezko egitasmo honi oniritzia eman dio. Kongresuak euskara elkarteen baitako ahalik eta partaidetza zabalena lortzea nahi da eta hainbat adituk ere ekarpena egingo dute prozesu osoan zehar.
Zuzendaritza Batzordea
Estatutuetan agindutakoari jarraiki, Federazioaren Zuzendaritza Batzordea berritu egin da: Durangoko Berbaro Elkarteko Leihor Elorriagak eta Elgoibarko Izarra elkarteko Imanol Larrañagak hartu dituzte Nahia Zarzosa eta Olatz Zabaletak utzitako karguak.
Bazkide berriak
Zuzendaritzako kide berriei ez ezik, Federazioan bazkidetza eskatu duten lau elkarte berriri ere eman die ongi etorria Batzarrak:
Euskara Añanan Mingainean (Añanako kuadrila)
Goierriko Euskal Eskola (Lazkao)
Txirritola (Aramaio)
Gutxisolo (Trebiñu)
Era berean, urtean zehar bi euskara elkartek eman dute Federazioan baja, beraien jarduera nagusiak eten dituzte eta: Oñatiko Laixan euskara elkarteak eta Zarauzko Txaparrok, beraien jarduna etetea erabaki dutelako. Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 95 elkartek osatzen dute Topagunea.
Ohiko gai zerrendaz kanpo, bi gairi aipamen berezia egin die Topaguneak. Alde batetik, Euskaldunon Egunkaria izan du gogoan, Egunkariako bost auzipetuen absoluzioa ospatuz eta Euskaldunon Egunkaria osatzen zuten partaide eta irakurle guztiak zorionduz. Egunkaria itxi zutenetik sortutako kalteak zuzentzerik ez badago ere, beharrezko kalte ordainak berma daitezela eta berriro ere horrelakorik gerta ez dadin eskatu du era berean Federazioak.
Bukatzeko, nafarrek euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak gero eta larriagoak direla salatu du Topaguneak. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak itolarrian jarri ditu euskaraz bizi nahi duten nafarrak, beraien elkarteak baliabiderik gabe utziz, hedabideentzat diru iturriak itxiz eta euskara ikasteko zein administrazioarekin euskaraz harremantzeko aukerak murriztuz, besteak beste. Euskalgintzako beste erakundeekin harremanak indartu eta ekimen bateratuak antolatzeko baliatu dira 2010aren lehen hilabeteak eta horren erakusgarri izango da maiatzaren 15ean "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" lemapean Iruñean egingo den manifestazioa. Manifestazioan parte hartzeko deia eginez eman dio bukaera Batzarrari Topaguneak.
Topagunearen Batzar Nagusia datorren larunbatean izango da Iurretan. Bertan, Federazioaren urteko jardueraren balantzea eta datorren hamabi hileotarako plana ere aurkeztuko dira.
Gainera, Zuzendaritza Batzordearen osaketa berrituko da, eta Federazioko bazkide izateko jasotako eskariak aztertu eta ebatziko dira. Ondoren elkarrekin bazkaltzeko aukera ere egongo da.