| Nerabeen hizkuntza-erabilera eta interneteko sare sozialak. Aukera berriak? |
|
|
|
|
Kultur Kabiak antolatutako nerabeentzako zenbait egitasmoren bidez sortutako sarea baliatuz ikerketa egin dute Topagunea-Kultur Kabiak eta Soziolinguistika Klusterrak. Lehen ikerketa honen ondorioak aurkeztu dira jadanik. Nerabeak eta euskara Nerabeen hizkuntza erabilera, euskararen normalizazioan dabiltzanen interesgune nabarmena da, gaur egun. Hezkuntza-sistemak euskararen ezagutza bermatzean bertatik igarotako belaunaldien bizimodua euskaraz garatuko zela aurreikusi zutenen ustea ez da bete, erabat behintzat. Herrian eta etxean euskararen presentzia esanguratsurik aurkitzen ez duten nerabeek euren arteko harremanetan eta, orokorrean, eskolaz kanpoko bizitzan, gaztelaniarako joera erakusten dute sarri. Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea euskaraz dakien nerabearen profil soziolinguistikoa aldatu egin dela duela urte batzuetatik hona. Euskara bigarren hizkuntzatzat duten euskaldunen proportzioa gero eta altuagoa da. Era berean, hiri-inguruneetan bizi diren euskaldunak ere gero eta gehiago dira. Ezaugarri horiek aldatu diren moduan, euskara erabiltzeko motibazioetan ere bilakaera bat ematen ari dela antzeman daiteke. Nerabeak eta sare sozialak
Sare sozial hauek nerabe eta haurren artean izan duten arrakastaz oharturik, hainbat saiakera egin dira tresna hauek helburu batzuen mesedetan erabiltzeko. Esate baterako, facebook, tuenti edo twitter bidez produktu eta zerbitzuen publizitatea egiten da, hezkuntzarako baliabide bezala erabiltzen saiatzen dira edo herritarrak kazetari bilakatzera bideratzen dira. Nerabeak, sare sozialak eta euskara Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea (Kultur Kabia enpresaren bidez) elkarlanean aritu gara gai hauen inguruan. Kultur Kabiak nerabeei zuzendutako hainbat aisialdi programa kudeatzen ditu. Programa hauetako bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak baditu ere, denetan erabiltzen dira interneteko sare sozialak nerabeen arteko harremanak eta nerabeek programaren arduradunekin dituztenak ahalbidetzeko. Interneteko sare sozialena fenomeno berria izanik eta adin-tarte jakin batzuetan duten arrakasta kontuan harturik, interesgarri ikusten da tresna hauei ematen zaien erabilera hobeto ezagutzea. Izan ere, aurrera begira euskara sustatzeko baliabide eraginkorra izan litezke, egoki erabiliz gero. Hau guztia kontuan izanik, hurbilpen gisa balio dezakeen esperientzia bat burutu da ondorengo bi helburuekin:
Egitasmoaren ezaugarriak, emandako urratsak eta lortutako emaitzak, Soziolinguistika Klusterraren webgunean eta ondoko lotura honetan ere eskuragarri dagoen txostenean daude azalduta. |