Zeru gaineko Berlin by M. Agirre, G. Amondarain & M. Bianchiren
Category: Literatura emanaldiak
 

Zeru gaineko Berlin izenburupean martxan jarri genuen ikus-entzunezko emanaldi hau, Hala Bedi irratiko irratsaio batetik sortutako proiektua da. Irratsaio honen izena Celosamente Gordea da eta astean behin izaten da entzungai Hala Bediko uhinetan. Horregatik esan ohi dugu uhinetatik eszenategietara eramandako ikuskizun bat dela.

Estudioetatik kalera ateratako irratsaioa, ezberdintasun batekin, irratiak eskaintzen ez duen aukera aprobetxatuz irudiekin lagundu nahi izan dugu irakurraldia.Wim Wenders zinema zuzendari alemaniarraren Der Himmel über Berlin filma aitzakiatzat hartuta, guk geuk sortutako testuak eta guk geuk aukeratutako musika gehitu genizkion irudiei eta horrela sortu zen ikuskizun berezi hau. Filmearen pasarte batzuk aukeratu genituen (esan nahi genuenerako egokienak iruditzen zitzaizkigunak) eta horiek lotuko zituzten testuak pelikulako elkarrizketa eta musikarekin nahastuz ordu beteko emanaldia osatu genuen. Film eder honen interpretazio pertsonala eginez, garaiari eta lekuari egokituta. Testu narratiboak dira eta pelikularekin harremana baduten arren gure inguruan gertatzen diren gauzei buruz hitz egiten dutela esan daiteke. Filmak gai asko ukitzen ditu: Bakardadea, maitasuna, denbora, hitzen eta esaldien balioa gure inguruan gertatzen direnak azaltzeko eta batez ere gizakiok ume izateari uzten diogunean galtzen dugun gaitasun izugarri bat aipatzen du; harritzeko kapazitatea. Azken ideia hau da beharbada gehien azpimarratu nahi izan duguna.Zuzenekoetan bi irakurle eta DJ batek hartzen dugu parte. Musikari garrantzia berezia eman nahi izan diogu eta abestiak zuzenean nahasten ditugu filmeko elkarrizketa eta gure testuekin. Pelikularen pasarteak pantaila handi batean ematen ditugu eta hasierako asmoa filma bertsio orijinalean ematea bazen ere, gaztelerazko bertsioa aukeratu dugu zuzenekoetarako azkenean, horrek filmaren nondik norakoak ulertzen lagunduko duelakoan. Testuak, esan beharrik ez badago ere, denak dira euskaraz. Argi geneukan hasieratik ohiko irakurraldietatik apurtu nahi genuela eta ikusleari zerbait ezberdina eta dinamikoa aurkeztu nahi geniola. Emaitzarekin oso gustura gaude eta Gasteizen pare bat emanaldi egin ostean (GEU elkarteak antolatuta Parral tabernan, eta Gasteizko Gaztetxearen literatura astean) Euskal Herriko leku ezberdinetara (Arrasateko kultur etxera eta Zarautzeko Gaztetxera, adibidez) mugitzen hasi gara apurka-apurka, eskaintza duin eta interesgarria delakoan.


Atzera
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing