Iritzia
Sortu eta eragin PDF Inprimatu E-posta
Data: 2010/02/08 Atala: Iritzia

Kaguenka! bukatu genuen 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezala: haserre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta. Nahikotxo hitz egin da euskarazko hedabideek merezi ez duten tratuaz, euskaraz zein erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu denaren gainean egin dezakegun irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enteratu dira existitzen garela eta egituratu samar gaudela, eta bestetik Euskarabidearen sorrerarekin Nafarroako Gobernuak egin zuen distrakzio maniobra berez erori egin dela, agerian geratuz, Nafar Gobernuak daraman hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltzea dela euren asmo bakarra, horretarako Euskarabideako zuzendaria ipurdia agerian utzi behar badu ere.

Bestelakoa izan zitekeen Institutua baliabidez hornitu izan balute, baina ez. Gero elkarbizitzaz hitz eginen digute. Nork eta gizartearen gutxiengo handi baten nahiak, eskubideak eta kultura errespetatzen ez dituenak.

Oskar ZapataGaurkoan ordea ez dut gehiago hedabideen gaiaz hitz eginen, mingarria den arren ez baita kaltetua atera den sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko aurrekontuek, euskararen erabilera sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dute helburu: hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazioa, entitateak euskalduntzeko programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizaziorako ekimenak, euskaltegiak, irakaskuntza... Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia duena: euskaraz bizi nahi dugunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta gehien trabatzea, horretan aritzen diren eragileei diru-laguntzak erabat murriztuz.

Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik gabe aurrera egin behar dugu. Gainera, kontziente gara, Gobernuak hiru plano horietan orain ukatzen duen babesa ezinbestekoa dela, gizartearen inplikazioarekin batera euskararen erabateko normalizazioa lortuko bada.

Egoera larria dela jakin badakigu. Horren aurrean zer? galdetu dute hainbatek. Gure ustez, zailtasunaz zailtasun bi planotan lan egin behar dugu: alde batetik sormenetik tiraka inurrien antza auzoz - auzo, herriz – herri antolatu, hiztun sareak osatu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri berriak bilatu… Eta, beste aldetik Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun dadin ekimen bateratu eta jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu, botere ekonomikoarengan ahal dela eragin, kale agerpen indartsuak egin e.a.

Lehendabiziko egitekoari, hots, auzoz auzo saretze lan horretan, inozokerietan erori gabe, zerbait aurreratua dugula esan dezakegu, ez baita alferrik urteetan euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa : ikastolak, euskaltegiak, hedabideak, aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…

Bigarren egitekoari dagokionean, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan ere, azken urte hauetan, euskararen erabileran eragitea helburuarekin sortu diren euskara elkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz, esan dezakegu euskalgintzaren hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dela eta horrek lagungarri izan behar lukeela Nafarroako euskalgintza egituratzen eta batzen.

Beraz, Topagunea prest dago, euskalgintza eta Nafarroako gizarte euskaltzaleekin diskurtso eta dinamikak adostu eta elkarlanean aritzeko.

“El Drogas” -ek esana: Pentsatzeari uzteko garaia iritsiko zaigu hiltzen garenean, bitartean…

Oskar Zapata Solano

Nafarroako Topagunea

 
Aitzakia tekniko berriak; arrazoiak, betikoak PDF Inprimatu E-posta
Data: 2009/06/19 Atala: Iritzia
Ez da lehenengo aldia Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiaren kontrako jarrera agertzen duena, baina hala ere, harriduraz hartu ditugu aste honetan bertan ezagutu ditugun berriak. Harriduraz eta haserre. Iruñerriko hedabideen artean euskaldunon erreferentzia den irratiarekin Nafarroako Gobernuak izan duen injustizia historikoari jarraipena ematen ari zaio neurri honen bitartez. Oraingo honetan, aitzakia usain nabarmena duten erabaki tekniko eztabaidagarriak baliatzen ari dira Euskalerria Irratia bera eta, bide batez, Euskadi Irratia, Gaztea eta ETB mapatik ezabatzeko, Iruñerriko euskaldunak aukerarik gabe utziz. Ez da ulergarria eta, batez ere, ez da inolaz ere onargarria.

Harrituta gaudela diogu azken asteotan Euskarabideako ordezkariekin izan dugun harremanetan jaso dugun mezua beste bat izan delako, euskarazko hedabideekin elkarlanerako borondatea aurkeztu zaigulako. Horregatik harritu eta haserretu gaitu erabakiak.

Jakina da azken bi urteak oso gorabeheratsuak izan direla euskarazko hedabideentzat eta elkarteentzat Nafarroan (baita euskalgintzako beste erakundeentzat ere).  Azken bi urteetan Nafar Gobernuaren aurrekontuetan hedabideek eta euskara elkarteek jasandako kolpe latzak izan dira (gogoratu beharra dago hedabideentzako diru-laguntzen aurrekontuak %97ko murrizketa izan duela aurten eta euskarazko jarduerei zuzendutakoak %80koa, eta egoera horrek bere horretan jarraitzen duela oraindik); baina azken hilabeteetan bagenituen esperantzari atea zabaltzen zioten zenbait zantzu (esperantzara kondenatuak baikaude, Garik kantatzen duen moduan). Nafarroako parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Gobernua hedabideekin hitzarmena adostera gonbidatu zuen 2008ko abenduaren 17an, eta Euskararen Nafar Kontseiluak ere egoerari aterabidea emateko eskaria egin du aurtengo ekainaren 3an egindako batzarrean.  Ondoren, euskarazko hedabideek azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu duten modura, Euskarabidea eta hedabideon ordezkarien artean hasi gara harremanetan. Maiatzaren 29an izan da lehen bilera (ekainean izan du jarraipena harremanak) eta bertan Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabideen Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu zuen. Euskarabideak luzatutako lehen hitzarmen proposamenetik agertu da Nafarroarako euskarazko irrati eta telebista bermatzeko borondatea eta, horregatik, harritzekoa da orain hartutako erabakia. Nafarroako Gobernuko arduradunek tokiko hedabideen funtzio sozialaz eta hiritarrekin duten hurbiltasunaz hitz egiten duten bitartean (Nafarroako tokiko prentsaren lehen jardunaldian Alberto Catalanek adierazi moduan) Iruñerrian dagoen euskarazko irrati bakarra itxi nahiak ez dauka inongo justifikaziorik.

Euskalerria Irratia da orain, lehenago Ttipi-Ttapa telebistaren emisio etena izan zen. Arrazoiak ezberdinak, baina funtsean bi arazo berdin dira oinarrian: Nafarroako Gobernuaren euskararekiko eta euskaldunokiko jarrera eta irrati-telebistek emititzeko behar dituzten lizentziak ez emateko urtetan jarritako trabak. Jarrera horiek aldatzen ez diren artean erabaki tekniko modura edo nahi duten bezala aurkeztuko dute, baina aitzakia huts izango dira. Testuinguru horretan, Euskarabideari galdetu nahi diogu ea non geratzen den Gobernuaren izenean agertutako asmoa, egungo euskarazko hedabideen eginkizun eta  bizirauterako beharrezko diren laguntza eta babesa ziurtatzearen inguruan.

Euskalerria Irratiko lagunei besarkada bat bidaltzeko aprobetxatu nahi ditugu azken lerro hauek, nahi dutenerako ondoan izango gaituztela esateko.


Karmen Irizar
Topaguneko Zuzendaritza Batzordearen izenean
 


 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra