Esan Erran euskaraz emititzen duen irrati bat da. Bere lurraldea, Imotz, Basaburua, Ultzama, Odieta, Anue, Atetz eta Lantz. Herriak sortu zuen eta herriaren lanari eta laguntzari esker iraun du ia hamabost urte. Orain bere emisioa eten behar izan du, langile bat lanik gabe gelditu da eta herritarrek zerbitzu bat galdu dute.
Jendeak jakin behar du ez dela krisi ekonomikoaren beste biktima bat izan, aspaldi hartutako erabaki politiko baten ondorioa baizik; euskarazko proiektuak itotzeko estrategia baten ondorioa. Urte franko dira diru-laguntzak murrizten hasi zirela, eta oraingo honetan erabat desagertu dira, krisiaren aitzakian. Ongi neurtutako erabaki politiko bat izan da.
Eta, herriak jakin dezan, zuri esan behar dizugu Nafarroako Gobernuaren (UPN-PP, PSN) agintari zaren horri, eta zuri ere Ultzamako Udaleko mandatari zaren horri, irratia desagertzea zuek hartutako erabaki politiko baten ondorioa izan dela.Hauxe da zuen hizkuntza politika hiltzailearen leloa: erdarazko proiektuak nafar guztionak dira eta denok ordaindu behar ditugu; euskarazkoak, berriz, soilik euskaldunenak dira, euskaldunek ordain dezatela!
Baina, euskara ez da luxuzko produktu bat, euskara gure hizkuntza da. Nafarrak gara eta euskaraz bizi nahi dugu. Gure nahia eta guztion eskubidea da. Euskarak bizirik irauteko ezinbesteko arnasbideak ditu euskarazko hedabideak. Horregatik, ahaleginak eta bi eginen ditugu Esan Erran lehen baino ozenago eta argiago entzun dadin.
Ametza Kultur Elkartea lantaldeak osatzen ari da Esan Erran ez isiltzeko erabat gutxienez, Pulunpe aldizkariaren funtzionamendua hobetzeko, eta egoera ekonomikoa bideratzen saiatzeko herritarren parte-hartzea bultzatuz eta udal zein kontzejuen inplikazioa bilatuz. Zuen parte-hartzea behar-beharrezkoa dugu nahi duzun lantaldean eta moduan.
Gurekin harremanetan jartzeko: 948 30 51 34, ezubioa[abildua]iparmank.org eta pulunpe[abildua]gmail.com
Argiak sarean duen multimedia gunean Nafarroako euskarazko hedabideei buruzko erreportajea egin dute. Erreportajean Nafarroako Gobernuak hedabideentzako diru-partidak desagertarazi izanak hedabideei nola eragingo dien aztertu dute.
Ttipi-Ttapa hamaboskaria, Nafarroan gehien irakurtzen den euskarazko argitalpena
CIES erakundeak Nafarroako Gobernurako egindako ikerketaren arabera, Baztan-Bortziriak-Malerrekako Ttipi-Ttapa hamaboskariak 29.000 irakurle zituen 2011n, aurrekoan baino 4.000 gehiago. Horrek esan nahi du Ttipi-Ttapa dela Nafarroan argitaratzen diren euskarazko argitalpenen artean irakurriena. Sakanako Guaixe astekariaren datuak ere oso onak dira: batez beste 14.000 irakurle ditu.
Agerraldia Nafarroako Parlamentuan euskara sustatzeko aurrekontuak zuzentzeko eskatuz
ATARRABIA, 2012/12/16.- Topagunearen Nafarroako arduraduna, Oskar Zapata, eta BIERRIK Fundazioarena, Ainhoa Urretagoiena, agerraldia egiten ari dira une honetan Nafarroako Parlamentuaren Hezkuntza Batzordearen aurrean, Gobernuak 2012rako aurkeztu duen aurrekontu proiektuan euskara sustatzeko aurreikusitako partidak zuzen ditzala eskatzeko asmoz.
Hori dela eta, datu soziolinguistikoak eskutan hartuta, Topagunearen ordezkariek Nafarroako euskalgintzak garatzen duen lanaren garrantzia azalduko diote Parlamentuari, eta ondorioz ‘konplizitatea eta babesa’ eskatuko diete bertako taldeei, beste batzuetan egin den bezala elkarlanerako prestutasuna adieraziz. Zehazki, sei eskaera egingo dizkiote Parlamentuari:
2012. urtean hedabideetan euskara sustatzeko 650.000 euroko partida, Horietako %80 gutxienez banatu dadila euskara hutsez lan egiten duten hedabideen artean.
Euskarazko hedabideetan Gobernuak publizitatea sartu dezala, hedabide horien sarbide eta banaketa kopuruaren arabera.
2102. urtean euskarazko kultur jarduerak sustatzeko 250.000 euroko partida eta hori erabili dadila soziolinguistikaren ikuspegitik lehentasun handiagoa duten lan lerroetan: haur eta gazteen aisialdian, mintzapraktika egitasmoetan, entitateak euskalduntzeko proiektuetan eta kultur produkzio zein programazioan.
Neurri horiek izan daitezela lehenak euskarazko hedabideak eta erabilera sozio/kulturala sustatzeko lan egiten dugunen egoera egonkortzeko.
Azaroan salatu genuenez, 2012rako aurrekontu proiektuak murrizketa onartezinak proposatzen ditu euskararekin lotutako partidatan. Hala, urterik onenean 300.000 euro izatera iritsi den euskara hedabideetan sustatzeko partida 2012an ZERO eurokoa izatea nahi du Foru Gobernuak, eta euskarazko kultur jarduerak sustatzekoa, berriz, HAMAR eurokoa.
Horretarako 2012. urtean Gobernuak jar ditzala mahai gainean egokiak diren markoak eta lankidetza hitzarmen egonkorren bidez jaso ditzala.
Lankidetzarako erabateko prestutasuna azaldu, elkarren eskutik soilik egin ahal izango baitugu aurrera egin.
Zuen interesekoa izan daitekeelakoan, honekin batera erantsi dizuegu agerraldiaren eduki osoa biltzen duen dokumentua:
TOPAGUNEAk bat egiten du gaurko egunez euskarazko hedabide ez publikoek argitaratu duten idatziarekin. Hona:
Euskarazko hedabideek erakundeen konpromisoa behar dute
Bederatzi hilabete badira euskarazko hedabide ez publikook agerraldi publikoa eta kanpaina bateratua egin genituela, hiru helburu nagusirekin
Sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea. Komunikazioaren eta hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik ez ezik, ekonomia ikuspegitik ere estrategikoa eta garrantzia handikoa den sektore bati buruz ari gara hitz egiten.
Erakunde publikoei sektorearekiko konpromiso handiagoa eskatzen zitzaien, publizitate-inbertsio, bestelako inbertsio eta laguntza handiagoak, gaurtik bertatik hasita.
Horretaz gain, sektoreak egoeraren analisia egin eta analisi horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeekin lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen.
2012. urtea ate-joka dugu, eta erakundeetatik sektoreari begira jasotzen ari garen mezuak kezkagarriak dira, ikaratzeko modukoak.
2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru laguntzak ezerezean dira, 2012ko aurrekontuetatik erabat desagertuko da hedabideetan euskara sustatzeko diru partida. Gainera, 2011ko bigarren epealdiko laguntzak desagertzeko arriskua ere handia da.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gutxiago bideratuko ditu 2012an hedabideen diru laguntzetara. Urteetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi du —aurreko bi urteetan asko jaitsi da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundia da 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea aurreikusi duen bakarra —47.500 euro gehiago, %12ko igoera—.
Eta zer esanik ez Iparralderi buruz, non euskaldun hiztunen galera bizkorra (hizkuntza politika publiko baztertzailearen ondorioz) anbiziorik gabeko hizkuntza politika batekin paraleloan doan. Enpresa pribatuek euskarazko hedabide berriak sortzen dituzten bitartean, laguntza publikoak oraindik geldialdi berean mantentzen dira eta, aldi berean, botere publiko gehienek ez dituzte kontuan hartzen euskarazko hedabideak beren publizitate kanpaina ordainduetan.
Jakitun gara sektorearen etorkizuna gure lanaren baitan dagoela nagusiki. Guk geuk ere aztertu behar ditugula gure indargune eta ahuldadeak, sektorean elkarrekin jardunda errazagoa izango zaigula garai zail honi aurre egitea. Zeregin horretan ari gara hilabete hauetan eta laster batean gure hausnarketa instituzioetako arduradunekin partekatu ahal izango dugu. Baina argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa, eta hori ari gara aldarrikatzen une honetan.
Gaur egungo erakunde publikoen dinamikak ez du asko laguntzen bide horretan, eta ezin dugu isilik geratu ikusten dugunean euskarazko hedabideen sektoreak ez duela erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezi duen trataera jasoko, ustez denen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregatik, erakundeei publikoki eskatzen diegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, partidak handituz.