livemarks
Komunikabideak


Euskarazko hedabideen agerraldi bateratua Donostian PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Otsailaren 1eko editorial bateratuari segida emateko, gaur Donostian bildu dira Euskal Herri osoko euskarazko hedabideen ordezkariak, agerraldi bateratua egin eta sektorearen arazoen zein arazo horiei aurre egiteko proposamenen berri emateko. Topagunearen Zuzendariak, Jasone Mendizabalek, hartu du hitza euskarazko hedabideen sektore osoaren izenean, eta ondoko azalpen hauek eman ditu:

_MG_8092

Gaur, hemen, euskarazko hedabide ez publikoetako ordezkaritza oso zabala elkartu gara, elkarrekin partekatu dugun gogoetaren berri eman, eta batera egin asmo dugun bidearen berri emateko gizartearen aurrean. Hemen, mahaian, hedabide horietako ordezkari batzuk gaude (ikusi duzuen bezala, askoz ere gehiago gara), eta nik guztien izenean hitz egingo dizuet.

Gure burua aurkeztu eta nor garen azalduz hasiko gara. Eta hori egiteko, zer hobe datu batzuk ematea baino:


  • 100dik gora gara euskaraz ari garen hedabideak, prentsa, irratia, telebista etaInternet kontuan hartuta.
  • 620tik gora gara hedabide horietan lanean ari garen langileak.
  • Guztien artean, urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu.
  • 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen ditugu zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez (BEZ eta PFEZ).
  • 7.500.000 euro jasotzen ditugu diru-laguntzen bidez.
  • 2007ko abenduan CIESek propio egindako azterketa batek zioen euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla, hau da, euskaldunen %57dela euskarazko hedabideen jarraitzaile.

Datu hauek guztiek erakusten dute sektore bizi eta kontuan hartzeko bat osatzen dugula, zalantzarik gabe, gizarte honetan era askotako irabaziak sortzen dituena. Adibidez:

  • Informazio mailan, gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea delako.
  • Euskararen normalizazioan, aho batez onartzen den bezala, hizkuntza normalizaziorako eragile nagusietakoak direlako hedabideak.
  • Arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen dituelako, eta kontuan hartzeko moduko ekarpena egiten duelako sektoreak gizarte segurantza eta zerga bidez.

Diruz lagundutako sektorea da, hala behar duelako, merkatu parametro hutsetan bizirauterik ez duelako eta funtzio publiko ezinbestekoa betetzen duelako. Baina azpimarratu nahi dugu, sektore honek jasotzen dituen laguntza publikoetatik zati handi bat berreskuratzen duela gizarteak baita parametro ekonomikoetan ere.

Ez dugu ezer berririk esango hedabideok krisi garaiak bizi ditugula esaten badizuegu. Komunikazio munduan gertatzen ari den aldaketak eta krisi ekonomikoak gogor astindu dituela euskarazko hedabideak, lehendik ere diruz baliabidez larri zebiltzan hedabideak. Erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian. Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da. Ez baita gure bokazioa bizirautea, ezta egun kaleratzen ditugun hedabideokin konforme geratzea. Gure bokazioa garatzea da, euskal hiztunen
komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko beharrari, nahiari erantzutea, eskaintza etengabe egokituz eta aberastuz, azken 30 urtean erakutsi dugun bezala.

Euskara eta euskal kultura geroratzeko giltzarri ezinbestekoa da komunikazio proiektu anitzen bidez osatzen den sektorea osasuntsu eta garapenbidean inbertitzea. Instituzioek aspaldi aitortua diote sektore honi euskara eta euskal kultura sustatzeko zereginean duen estrategikotasuna eta garrantzi hau behin eta berriro berretsi da administrazio eta foro anitzetan. Aitortzak baina ez dira nahikoak, tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek.

Egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen digute garatzeko aukerari hegoak moztuz. Era berean hainbat hedabideren ateak ixten ikusi ditugu azken aldian.

Aurreko guztiak kontuan hartuta, indarrak batu eta sektore gisa garatzeko premia biziko bi gai identifikatu ditugu sakontzeko: diru-laguntzak eta publizitatea.

  • Laguntzetan baliabide handiagoak behar dira, sektorea indartzeko, egoera berrira egokitzeko behar dituen inbertsioak egiteko eta zabalkunde handiagoa lortzeko.
  • Aldi berean, egungo laguntza deialdien dinamikatik bide egonkorragoetarako urratsa egin beharra dago, urteroko zalantza egoera gainditu eta laguntzaren zenbatekoa urte hasieran ezagutzeko. Egonkortasuna kopurutan eta azkartasuna prozedura eta ebazpenetan.
  • Publizitatearen gaian, berriz, agerikoa da instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen. Esan dugu duela hiru urteko datuek erakusten zutela euskaldunen erdiak baino gehiagok kontsumitzen dituztela euskarazko hedabideak, baina publizitate inbertsioa ez da maila berean egiten. Publizitate instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da eta horretan eragin nahi dugu

Egoerari eta zailtasunei aurre egiteko, euskarazko hedabideok hainbat ekimen elkarrekin egitea erabaki dugu. Horren ondorioa dira otsailaren 1ean argitaratutako editorial bateratua eta agerraldi hau bera. Hemendik aurrera ere elkarrekin aritzeko erabakia dugu, eta gure egoeraren berri ematen jarraituko dugu gure medioen bitartez eta horretarako sortutako webgunean, http://www.blogak.com/ehedabideak.

Horrez gain, hurrengo asteetan instituzio nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko plana egiten ari gara. Bilera hauetan sektorearen berri zuzenean eman eta politika aldaketarako proposamenak lantzea da helburua.

Sektoreak prestasun osoa du eragile guztiekin gaia landu eta akordio eta politika zehatzak adosteko, eta horretarako dagoen prestasuna ikusi nahi dugu. Jakin
badakigu udal eta foru hauteskundeen atarian gaudela, eta uste dugu garai egokia dela alderdiek etorkizunera begirako gogoeta egin eta konpromiso zehatzak har ditzaten hurrengo lau urteetarako politika markatzeko.

Bilera hauek otsaila eta martxoa bitartean egiteko asmoz ari gara lanean, eta bilera horiek egin ondoren, gure asmoa da berriro publikoan agertzea harremanei buruzko balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak azaltzeko.

 
Euskarazko 75 hedabidek editorial bateratua kaleratu dute PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Euskara hutsez diharduten 75 hedabidek editorial bateratua kaleratu dute gaur, sektorearen garrantzia azpimarratu eta erakundeei behar bezalako babesa eskatzeko. Mundu osoan hedabideen alorrak bizi duen egoera zaila kontuan hartuta, 600 langiletik gora biltzen duen euskarazko hedabideen sektoreak ere beste hainbat sektoreren alde egin denaren moduko apustua merezi duela aldarrikatzen dute sinatzaileek.
 
Argia Saria GAZTEZULOrentzat PDF fitxategia Inprimatu E-posta
ARGIA SARIAGAZTEZULO hilabetekariak prentsa idatziko Argia Saria jaso du. 2010ean hamar urte bete zituen aldizkariak eta egindako bidea saritu du epaimahaiak. Ahotsak.net webgunea, Gaztea irratiko Ekaitz Perfektua irratsaioa, ETB3-ko Orain programa eta Donostiako Euskara Patronatuaren Nik ere euskaraz kanpaina ere saritu dituzte. Zorionak haiei guztiei ere!
 
Europako Irrati Komunitarioen lehen foroa PDF fitxategia Inprimatu E-posta

20110120irratikomunitarioakPausumedia elkarteak eta Antxeta Irratiak Europako Irrati Komunitarioen lehen foroa antolatu dute otsailaren 3 eta 4rako.

Foro horretan, orokorrean, globalizazioaren aroan, eta informazio eta komunikazioaren jendartean, komunikazioaren 3. sektoreak komunikazio eskubidearen garapenean eta bermean egiten duen ekarpena jaso eta jendarteratzea eta irrati komunitarioek zentzu horretan egiten duten lana eta duten garrantzia azalaraztea da helburua.

Foroan Europa osoko hainbat irrati komunitarioko ordezkariak izango dira, eta euskal hedabideetako partaideak ere izango dira.

Informazio gehiago Antxeta Irratiaren webgunean eta emailez antxetairratia[abildua]euskalirratiak.info helbidean zein telefonoz: (0033) 559-483665. Programa osoa (PDF).

 

 
2010. urteko Larreko Saria, Topaguneak gidatzen duen Iruñerriko Mintzakide egitasmoari PDF fitxategia Inprimatu E-posta

"Norberak ez duena egiten ez du inork egingo". Adierazpena Euskalerria Irratiko presidentea den Mikel Bujandarena da eta Larreko Sariaren emateari erreparatzen dio. Izan ere, Nafarroako Gobernua sarien inflaziotik gertu dabilen arren, euskararen garapena saritzeko orduan erakunde honetako ordezkarien argazkien urritasuna erabatekoa da. Horren aitzinean sortu zen, hain zuzen ere, Larreko Saria emateko ekimena, euskararen alde egindako lana saritzeko. Aurten Mintzakide egitasmoari egokituko zaio sari hau jasotzea asteartean Berriozarren izanen den ekitaldi batean.

Euskalerria Irratia Elkarteak ematen duen sari honek Fermin Irigarai Larreko mediku euskaltzalea omentzen du. Bere helburua euskara sustatzen duten pertsonak, kolektiboak edo ekimenak saritzea da, eta azken 15 urteotan Iñaki Perurena, Jorge Cortés Izal, Joxemiel Bidador, Irulegi Irratia edota Zaldiko Maldiko elkartea saritu izan dituzte. Aurten, azken boladan sona handia izaten ari den Mintzakide ekimena izanen da saritua, euskaraz komunikatzeko aukerak suspertzeko egiten duen lanagatik.

Iniziatiba honek hizkuntza menperatzen duten euskaldunak ikasten ari direnekin batzen ditu, euskararen erabilera sustatzen duten talde txikiak osatuz. Ekimenaren Nafarroako arduraduna den Eneko Andunagak esan zuenez, euskaraz komunikatzeko eta gozatzeko guneak eskaintzen ditu: "Euskara gozatzearekin lotzen dugu komunikazioa ahalbidetuz, jendea berdin berdin joan daiteke mendira, kultur emanaldi batera edo kafetxo bat hartzera. Eusko Jaurlaritzak eginiko ikerketak argi utzi zuen jendeak bizipen positiboekin lotzen duela eta gehiago erabiltzen dutela euskara".

Iniziatiba hau Nafarroan 2004ko ekainean jaio zen eta, harrezkero, bere partaide kopurua hirukoiztu egin du. Aurten 300 nafar arituko dira Mintzakiden. Hala ere, programa hau dinamizatzeko baliabide ekonomikoak urriak dira, Nafarroa ko Gobernuaren babes eza dela-eta.

Sari-ematea Berriozarko musika eskolan izanen da datorren asteartean, arratsaldeko 19.30etatik aitzinera. Han Euskalerria Irratiak magazine bat antolatuko du zeinetan, besteak beste, La Betty Travan talde ultzamarra egonen den. Azkenik, Mintzakidetik gogoratu zuten izena ematerik badagoela oraindik ere mintzakide bezala aritzeko.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 3 Zenbatetik 16
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing