livemarks
Komunikabideak
Eibarko ...eta kitto! astekariak UKAN berrikuntza saria jaso du PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Eibarko ...eta kitto! astekariak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailak ematen duen UKAN Berrikuntza Saria jaso du, aldizkariak erakutsi duen etengabeko berrikuntza eta egokitzapenarengatik.

Ukan Berrikuntzan saritutakoak, antolatzaileekin bateraGaur, 2009ko otsailak 2, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan den ekitaldian, Hizkuntz Politika Sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, eta Kultura Sailburuak, Miren Azkaratek, UKAN berrikuntza saria eman diote Eibarko ...eta kitto! astekariari. Sariaren helburua berrikuntza eta eredugarritasuna bultzatzea da. Izan ere, Patxi Baztarrikak sari banaketa ekitaldian azpimarratu du ...eta kitto! "egokitzeko eta etengabean hobetzeko ahalegina; hartzaile berriak bereganatzeko eta aurrekoei eusteko estrategia; eta biziraupen ekonomikoa bideragarri egiteko bide berriak aurkitzeko ahalegina". Erronka ere hortxe utzi du Sailburuordeak: "Badira bide horretan ahalegintzen diren euskarazko hedabideak, baina, egia esateko, diren baino askoz gehiago ikusi nahiko genituzke jarrera eta jokabide berritzaile horrekin".

...eta kitto!-ren lan-talde osoa izan da saria jasotzeko ekitaldian. Elkartearen presidenteak, Juan Barahonak, eta aldizkariaren koordinatzaileak, Koldo Mitxelenak hartu dute hitza haien guztien izenean. Saria eskertzeko, gutun irekia irakurri dute ...eta kitto! elkartearen sortzaile eta haren alma mater  Fernando Muniozguren zenari zuzendutakoa: "Urtero sartu dugu berritasunen bat aldizkarian, horren adierazgarri da gaurko saria, eta gure diru sarrerak publizitate, diseinu lan eta itzulpengintza lanekin gero eta garrantzitsuagoak izatea nahi izan dugu. Baina gaur eguneko lantaldeari tokatu zaigu saria jasotzea. Eta lehenago aipatutako guztiei egindako lana eskertzeaz gain, bereziki zuri eskertu beharra dugu, alde batetik aldizkaria sortu zenuelako, gero indartu, berritzen erakutsi zenigulako eta guregan jarritako konfidantza handia izan delako beti". Miren Azkarate kultura sailburuak ere gogoan hartu du Fernandok utzitako uzta, eta hark hasitako egitasmoa "esku onetan dagoela" azpimarratu du.

Aldizkariak irakurleen azterketa egin zuen 2008an, herrian idatzizko hedabiderik kontsumituena zena argi utzi zuena, zenbaki bakoitzeko 14.000 lagunek irakurtzen baitute ...eta kitto! Gainera, hogei urte egin berri ditu aldizkariak, eta urtea hastearekin batera diseinu eta formatu berria estreinatu du, beti ere orain arteko irakurleak mantentzeko eta irakurle berriengana ere iristeko ahaleginetan. Astekariaren inguruan sortutako osagarriek ere (gida komertziala, txikitto...) aipamena izan dute sari banaketan.

Ukan Berrikuntza sariarekin batera, Ukan Publizitate saria ere banatu du HPSk. Aurten, Euskaltelen zuntz optikoaren publizitate kanpainak jaso du saria, eta Bilboko DermiTEK klinikak euskaraz egindako kanpainak, berriz, aipamen berezia.

 
Ttipi Ttapa telebistak jarduna etengo du PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Ttipi Ttapa Telebistako arduradunek urtarrilaren 31an emisioa eta jarduna etengo dutela jakinarazi dute ttipi.net webgunearen bitartez. Hiru arrazoi eman dituzte erabakia hartzeko: krisialdi ekonomikoak publizitate bidezko diru-sarreretan izandako murrizketa, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzarik gabe utzi izana eta Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) atarian Espainiako eta Nafarroako Gobernuek telebistaren egoera legeztatu eta lizentziarik lortzeko aukerarik gabe utzi izana.

Ttipi-Ttapa telebista 1998ko ekainean hasi zen hasi zen emititzen eta azken hamar urteetan erreferentzia ukaezina izan da eremu dituen eskualdeetako biztanle eta gainontzeko tokiko telebistentzat ere.

Zenbait aste pasa dira jadanik Nafarroako euskarazko hedabideek agerraldia egin zutela Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Batzordearen aurrean. Geroztik, Nafarroako Parlamentuak 2009 urteko aurrekontuak onartu ditu eta hedabideentzako aurreikuspenik txarrenak bete dira. Lehen ondorioak jasaten hasi dira Nafarroako biztanleak.

 
Nafarroako euskarazko hedabideen agerraldia PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Nafarroako Parlamentuaren Hezkuntza Batzordearen aurrean agerraldia egin dute Nafarroako euskarazko hedabideetako ordezkariek. Guaixe astekaria, Nabarra hilabetekaria, Beleixe eta Xorroxin irratiak, Xaloa telebista eta Topaguneko ordezkariek parte hartu dute hedabide guztien izenean.

Agerraldian parte hartu duten ordezkariak

Ondokoa da agerraldian aurkeztutako dokumentua.

2008-12-18-PARLAMENTUA

 

Argazkian, agerraldian parte hartu zuten ordezkariak (ezkerretik eskuinera): Josetxo Apezetxea (Xorroxin irratia), Joseba Igerabide (Xaloa telebista), Oskar Zapata (Topagunea), Garbiñe Petriati (Guaixe astekaria eta Beleixe irratia) eta Mikel Buldain (Nabarra aldizkaria).

 
Nafarroako euskarazko hedabideen adierazpena, diru-laguntzen desblokeoaren aurrean PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Nafarroako Gobernuak partzialki desblokeatu berri du ekainaz geroztik blokeatua zuen euskara hedabideetan sustatzeko diru-poltsa. Xede horretarako gordeta zituen 310.000 eurotatik, 240.000 banatuko ditu zehazki.

Nafarroan euskaraz dihardugun hedabideok, neurriak zuzenean eragiten digun heinean, ondoko hau adierazi nahi diogu Nafarroako Gobernuari eta gizarteari, oro har:

  • Lehenengo eta behin, aitortu eta eskertu nahi dugu Hezkuntza Sailak eta  Euskarabideak egin duten ahalegina, partzialki bada ere, poltsa desblokeatzea ekarri duena, eta Xabier Azanzak zein Hezkuntza Sailburu Carlos Perez-Nievasek azken asteotan gurekin biltzeko eta gure egoeraren berri jasotzeko azaldu duten prestutasuna.
  • Ahalegin hori eskertuta eta aitortuta ere, argi eta garbi utzi nahi dugu aurrekontuan gordeta zegoen kopurua, eta, zer esanik ez, azkenean banatuko dena, nahikoa izatetik oso urrun dagoela. Ideia bat egiteko, 240.000 euroko poltsa horretatik, %65 ( 156.000 euro ) izango da euskara hutsezko hedabideentzako, hau da, euskaraz dihardugun hedabideon aurrekontu globalaren % 7,6 baino ez.
  • Era berean, argi adierazi behar dugu aurten diru-laguntzekin gertatu dena erabat onartezina dela, eta ezin dela errepikatu: urte hasieran diru-kopuru bat iragarri, hil batzuk geroago kopuru hori zerora murriztu, azkenean iragarritakoaren %77 banatzeko. Euskarazko hedabideon sektorean 30 medio ari gara (11 aldizkari, 6 irrati, 2 telebista 11 agerkari digital), 56 profesional guztira, Iruñerri, eta Iruñerriatik iparraldeko nafarrei zerbitzua emateko. Haietako batek ere merezi ez duen errespetu falta handia da haien guztien egunerokotasuna kolokan jartzea, jarri izan den moduan.
  • Euskararen Legeak euskara sustatzeko agindu argia ematen dio Gobernuari. Hedabideon kasuan, sustapen hori laguntza egonkor eta nahikoen bidez gauzatu behar da, gure jarduera lasaitasun eta duintasun baldintza minimoetan garatu ahal izateko. Gogoratu beharra dago euskarazko aldizkari, irrati eta telebistok, txikiak izanik ere, ekarpen handia egiten diegula bai euskararen normalizazioari, inguruko berriak euskara hutsez landuz herritarrei informazioa euskaraz jasotzeko ohitura sortzen dugulako, eta bai gure inguruan bizi direnei ere, hedabide handiagoetan nekez agertzen diren berriak hurbiltasunez jasotzeko aukera ematen diegulako.
  • Aurreko hori guztia, gure ustez, epe ertain-luzeko hitzarmen baten bidez baino ezin da lortu. Hitzarmen horrek argi jaso beharko luke zein den euskarazko hedabideon zeregina, zeregin hori duintasunez betetzeko zer behar duten, behar horietan zenbateko laguntza eman behar duen Gobernuak, eta laguntza hori jasotzeko nolako baldintzak bete behar ditugun hedabideok.
  • Zentzu horretan, idatzi hau sinatu dugun hedabideok erabateko prestutasuna adierazi nahi diogu Gobernuari mahai baten inguruan eseri eta hitzarmen horren xehetasunen inguruan hitz egiten hasteko. Gure ustez, elkarlanean aritzea da ataka honetatik atera eta alde biotarako onargarria ez ezik onuragarria ere izan daitekeen akordio batera iristeko bide bakarra.

Iruñean, 2008ko abenduaren 2an

Ttipi-ttapa, Xuka, Guaixe, Nabarreria, Kotarro, Karrika, Xapo, Marmari, Mailope, Zorroka eta Pulunpe aldizkariek, Xorroxin, Beleixe, Karrape eta Esan-erran irratiek, eta Ttipi-Ttapa eta Xaloa telebistek, Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioa
 
AIkor! ere, eskualdean irakurriena PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Aikor!Txorierriko Aikor! aldizkariak irakurleen inguruan egindako ikerketaren emaitzen berri eman du urriko alean. Duela aste batzuk Eibarko Eta Kitto! astekariak jakinarazi zuen bezala, azterketaren emaitzak uste baino hobeak izan dira, eta Aikor! lehen postuan kokatzen dute eskualdean kontsumitzen diren hedabideen artean. Ikerketaren emaitzen txosten osoa aldizkariaren webgunean aurki daiteke.

Hamabost urtetik gorako bost txorierritarretik lauk ezagutzen dute Aikor!; %80,3k, hain zuzen ere. Ezagutzen dutenen %84,2k irakurri edo gainbegiratu izan du inoiz aldizkaria, eta, horien artean, ia hiru laurdenek irakurri dute azken hilabeteko alea.Parametro guztiak kontuan hartuta, ale bakoitzak 10.260 irakurle izan ditu azken hiru hilabetean. Eta gustura irakurtzen dute Aikor! txorierritarrek, erabat positibotzat jotzen duten aldizkaria baita. Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren babesa eta Topagunearen laguntza teknikoa izan du.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 8 Zenbatetik 16
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing