|
Nafarroako Gobernuak gaztelerazko hedabideak babestu eta euskarazkoak babesik gabe utzi nahi ditu |
|
|
|
|
Azken urteotako joeraren azken urratsa eman nahi du Nafarroako Gobernuak datorren urtean. Euskarazko hedabideentzako zituen diru-laguntza gero eta urriagoak ezerezean geratuko dira datorren urtean, baldin eta 2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira.
Diru-laguntza horiek beti egon dira gutxieneko mailatik oso behera, baina urteroko murrizketen azken kapitulua egin nahi dute Gobernuko arduradunek euskarazko hedabideek zuten babes urriegia guztiz desagertaraziz. Babes ekonomikorik ezari, gainera, errekonozimendu eza gehitu behar zaio: Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak ikusezin bihurtzen ditu, ez ditu berdintasunean tratatzen ez informazioari dagokionean eta ezta publizitate euskarri moduan ere.
Bitartean, gaztelera eta gaztelerazko hedabideak babesteko neurriek bere horretan jarraitzen dute Nafarroako gobernuan. Iritzi interesatuak jasotzera ohituak gaituzte, euskara eta euskarazko hedabideak omen dira babesa jasotzen duten bakarrak, baina irakurketa errealak egiten hasteko garaia da:
- Nafarroan emititzen duten hiru telebista pribatuen artean 3.000.000 euro banatu izan ditu urtero-urtero azken urteetan: Canal 4, Canal 6 eta Popular televisión dira hiru telebista horiek. 2012 urteko aurrekontu proposamenean 2.450.000 euro aurreikusita daude aipatu hiru telebisten artean banatzeko. Bitartean, euskarazko hedabide guztien artean, urterik onenean 300.000 euro banatu izan dira eta 2012rako 0 euro banatzea aurreikusten da.
- Nafarroako Gobernuak (zuzenean edo bere entitate babestuen bidez) Nafarroan publizitate instituzionalean gastatzen duen publizitatearen %99 baino gehiago gaztelerazko medioetan gastatzen du. Euskarazko hedabideek ez dute publizitate euskarri moduan inolako aitorpenik, Nafarroako gizartearen zati handi batek ez du bere gobernuaren aitorpenik.
- Hedabideen aferaz haratago, Nafarroako Gobernuak hezkuntzan gaztelera zaintzeko saila sortzea ere esanguratsua da gobernu honek bere kudeaketa eremuan dituen bi hizkuntza ofizialen aurrean duen ikuspegia eta jarrera ulertzeko. Gaztelera babesteko neurriak euskara eta Nafarroako hiztun euskaldunok babesteko neurrien gainetik jartzen dira, batzuk desagertarazten diren artean besteak indartzen baitira.
- Nafarroako Gobernuak 1986. urtean onartu zuen Euskararen Legean Gobernuaren betebeharrak zehazten dira. Horrela dio legeak bere III. tituluan ( Komunikabide Sozialak):
-
- 27. artikulua. 1. Administrazio Publikoek sustatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan. Horretarako eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.
- Diru-laguntzen partida aurrekontutik desagertaraziz nola beteko du Gobernuak legeak esaten duena? Udalen eta herritarren bizkarretan hedabideak sustatzeko erantzukizun osoa utzita?
Nafarroako Gobernua politika egiteko dago, eta beraz hartzen dituen erabakiak politikoak dira. Baita euskarazko hedabideen diru laguntzen banaketa erabakitzen duenean, dudarik gabe. Kasu honetan, eta erabaki horien ondorioz, hedabideak ekonomikoki itolarrian utzi ditu. Kaltetuak, gurekin batera , Nafar herritarrok gara. Informazioa aukeratzen dugun hizkuntzan jasotzeko eskubidea eta aukera gero eta murritzagoa delako, euskaraz bizitzeko aukerak urritzen zaizkigulakoz hedabideok itoaraziz, eta azken batean euskaldunok gure lurraldean bigarren mailako herritarrak bilakatzen gaituelakoz. Ez ordea zergak pagatzerakoan. Hori guztia, gainera, euskara ofiziala den lurraldean.
Dudarik ez, Nafarroako aniztasuna eta pluraltasunaren kontrako norabidean dabil Gobernua, eta horrenbestez Nafarroa pobretzen du kulturalki.
Oraindik presente dugu 2008. urtean Parlamentuan onartu zen ebazpena, baita ere PSNren botoekin, non Nafarroako Gobernuari Parlamentuak gehiengoz exigitzen zion euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko hitzarmen bat sina zezan. Jakina Gobernuak entzungor egin zion eskaerari, hori beharrean urtez urte diru partidak murriztu ditu. Orain Gobernuan UPN eta PSN daude, non geratu da PSNrentzako eskaera horiek?
Euskarabideari dagokionez, datorren urteko aurrekontu proposamena ikusita, edukiz guztiz hustuta dagoen erakundea dela ikusten dugu. Sortu zenetik aurrera, krisialdi ekonomikoaren kontestuan, urteroko joera izan da Euskarabidearen aurrekontuan presentzia zuten diru-laguntzen partidak murrizten joatea, batzuk guztiz desagertarazi arte. Edukiz hustuta dauden erakundeak zertarako behar ditugun galdetzen diogu gure buruari.
Bukatzeko, zenbait eskari luzatu nahi genizkieke nafar gizarteari eta nafarrok ordezkatzen gaituzten alderdi politikoei:
- Nafar gizarteari egoeraren larriaren kontzientzia hartzeko, erantzukizunez jokatzeko eta euskarazko hedabideak babesteko eskatzen diogu
- Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan dauden alderdiei eskatzen diegu 2012ko aurrekontuetan berrezarri dezatela hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza deialdia, eta ekonomikoki duina izan dadila, edo aurreko urteen parekoa gutxienez. Eta hori izan dadila lehendabiziko urratsa behar dugun hitzarmena sinatzeko.
Bestela, 2012ko aurrekontuak babesten duten alderdiek euskarazko hedabideen heriotza- zigorra sinatuko dute
Nafarroako Topaguneak prentsan aurkeztutako idatzi osoa, ondoko loturan aurkituko duzue.
|
|
|
Murrizketa gehiago euskarazko hedabideendako |
|
|
|
|
Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, salatu nahi dugu beste behin ere Euskarabideak murrizketak ezarri dizkigula. Irailaren 7an Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen aurtengo aurrekontuetan 327,25 milioi euroko gastu murrizketa eginen zuela. “doikuntza” horien helburua aurrekontuaren egonkortasuna bermatzea dela azaldu zuten. Iragarpen horrek gizarteko arlo asko ukitu ditu hezkuntza, osasuna eta beste.
Eskarmentuak erakutsi digu halakoetan euskarari zuzendutako diru-sailak ez direla onik ateratzen. Iragarpena jakinarazi zenetik zenbaitetan Euskarabideara informazio eske jo genuen. Ez ziguten ezer erantzun. Edo bai, esleitutako diru-laguntza kobratzeko dokumentazioa aurkezteko epea aurreratu zutela.
Aste honetan iritsi da murrizketaren jakinarazpena. Maximino Gomez Serrano Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak azaldu digunez, Nafarroako Gobernuak aurrekontuak “doitzeko” hartutako erabakiak “Euskararen gaineko programak komunikabideetan” kontu-sailari ere eragin dio. Euskarabideak jakinarazi duenez urriaren 31ra arte justifikatutako gastuak ordaintzeko adina diru badu, baina urteko azken bi hilabeteetarako aurreikusia zuen dirurik ez dago.
Euskarabideak esleitutako diru-laguntzak bi epetan ordaintzen ditu. Diru-laguntzaren erdia jakinarazpenarekin batera ematen du, eta beste erdia gastuak justifikatu ondoren. Bigarren ordainketa horretan eginen du murrizketa Euskarabideak. Honela:
- Beleixe irratia: %34ko murrizketa.
- Esan-Erran irratia: %37ko murrizketa.
- Guaixe aldizkaria: %20ko murrizketa.
- Mailope aldizkaria: %34ko murrizketa.
- Pulunpe aldizkaria: %37ko murrizketa.
- Ttipi-ttapa aldizkaria: %34ko murrizketa.
- Xorroxin irratia: %33ko murrizketa.
Murrizketa horiek guztiek, euskarazko hedabideok aurretik jasaten ari garen egoera ekonomiko larria areagotzen du. Hedabideok esleitutako diru kopuruak kontuan izanik egin ditugu urte guztiko aurreikuspenak. Orain, bat-batean, zati bat kentzea lehendik ahula den gure ekonomia-osasuna kolokan uzten du.
Gauza aski jakina da hedabideok ezinbesteko elementu bat garela euskararen ekosistema mantentzeko, indartzeko eta biziberritzeko. Euskarabideari eta haren arduradun politikoei hori ahalbideratzeko, babesteko lan egitea exijitzen diegu. Horregatik, esleitutako diru-laguntza bere osotasunean ematea exijitzen dugu. Aldi berean, sektoreko aktoreekin bildu, egoera aztertu eta etorkizunerako hitzarmen bat lantzea eskatzen dugu, Nafarroako Parlamentuak 2009an eskatu zuen moduan.
Nafarroako euskarazko hedabideak eta Topagunea
|
|
Hedabideetan hobekuntza azterketak egiteko HEHOBA diru-laguntzak |
|
|
|
|
Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak HEHOBA diru-laguntza deialdia argitaratu du, euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egiten laguntzeko. Jarraian laburtu dizkizuet deialdiaren ezaugarri nagusiak, interesgarriak izan daitezkeelakoan.
-
Gehienez ere SEI egitasmo lagunduko ditu Jaurlaritzak, tokiko hedabideen inguruko lau eta bestelakoen inguruko bi.
-
Hobekuntza-azterketa horiek, gutxienez, honako alderdi hauetakoren bat izan behar dute aztergai: a) Hedabidearen planteamendua digitalizazioaren inguruan. b) Hedabideari zuzenduriko hobekuntza-proposamenak identifikatzea. c) Hedabideari buruzko hausnarketa estrategikoa. d) Hedabideari buruzko lan-ildo berrien potentzialitatea eta egingarritasuna lantzea. e) Hedabidearen posizionamenduaren eta hartzaile potentzialarekiko harremanaren diagnosia egitea. f) Hedabidearen merkatuari dagokion azterketa. g) Hedabidearen finantzaketa propioa hazteko proposamena lantzea.
-
Egitasmo bakoitzeko gehienezko laguntza 15.000 eurokoa izango da.
-
Laguntza jaso ahal izateko, egitasmoek %20ko autofinantzazioa izan behar dute.
-
Aurreko deialdian lagundutako egitasmoak ezin dira berriz ere aurkeztu.
-
Lagunduko diren gastuak bi izango dira soilik:
-
Eskabideak aurkezteko epea IRAILAREN 29an amaituko da.
Dakizuenez, aurreko urteotan deialdi hau aprobetxatu dugu hainbat hedabide bazkideren audientzia ikerketak egiteko, oso emaitza positiboekin, eta honezkero badugu horrelakoak egiteko dinamika nahiko zehaztuta. Ez da aukera bakarra, noski; bideragarritasun planak eta horrelakoak ere egin izan ditugu horren baitan. Buruan baduzue horrelako zerbait egitea, edo interesgarria izan litekeela iruditzen bazaizue, lehenbailehen jakinarazi, mesedez.
|
|
Euskarazko hedabide ez publikoen kanpaina |
|
|
|
|
Otsailean abiatu zuten kanpainari segida emanez, euskarazko hedabide ez publikoen ordezkariek agerraldia egin dute gaur Donostian, otsailaren 15ean abiatu zuten alderdi eta instituzioekiko bilera errondaren balorazioa egin eta aurrera begirako pausuen berri emateko.

Inazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) DOnostiako Koldo Mitxelena Kulturunean
Inazio Arregi (GOIENA), Jasone Mendizabal (TOPAGUNEA), Joanmari Larrarte (BERRIA) eta Xabier Letona (ARGIA) azaldu dira gaur hedabideen aurrera. Otsailaren 15etik hona alderdi politikoekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta EAEko hiru Foru Aldundiekin. Iparraldeko erakundeekin ere badira harremanak, baina horiek une hauetan garatzen ari dira. Hedabideen ordezkariek azaldu dutenez, harrera ona izan dute joan diren guztietan, eta hiru gai mahaigaineratu dituzte: sektorearen egoera erakunde publikoekin elkarlanean aztertzeko beharra, diru-laguntzak %25 handitzeko eskaria eta publizitate instituzionalaren %25 ere euskarazko hedabide ez publikoetara bideratzeko beharra.
Lehen puntuari dagokionez, EAEko erakunde publikoak behintzat prest azaldu dira sekotrearekin batera bildu eta egoera aztertzeko, eta Jaurlaritzak HAKOBA koordinazio batzordearen saio monografikoa irailean deitzeko konpromisoa hartu duela esan dute hedabideen ordezkariek. Diru-laguntzak handitzearen inguruan, berriz, "kezka" adierazi dute, erakunde guztietan horretarako zailtasunak iragarri baitituzte.
Publizitateari dagokionez, hedabideek galdera parlamentarioak egiteko eskatu diete alderdiei, eta halaxe egin dute Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta hiru aldundietako Batzar Nagusietan. Erantzunak Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak soilik eman dute momentuz. Nafarroako datuetan argi geratzen da euskarazko hedabideetara bideratzen den publizitate instituzionala hutsaren hurrengoa dela, eta Eusko Legebiltzarrari dagokionez, berriz, datuak eman diren moduagatik "ez dago jakiterik zenbat bideratu den erdarazkoetara eta zenbat euskarazkoetara"
Sektorearen egoerarekiko kezka zabaltzeko asmoz, euskarazko hedabide ez publikoek komunikazio kanpaina ere aurkeztu dute gaurkoan. Kanpainaren barruan, formatu ezberdineko iragarkiak sortu dituzte irrati, telebista, paper zein internet bidezko hedabideetarako.
Adierazpen osoa: Euskarazko Hedabideak, denon beharra (55.83 kB)
|
|
Hitzarmena Berriarekin interneteko edukiak trukatzeko |
|
|
|
|
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Berria Taldeak elkarlan hitzarmena sinatu dute eta, horrenbestez, aurrerantzean sareko edukiak elkarbanatu egingo dituzte. Hala, batetik Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen webguneetako albisteen jarioa automatikoki Berriako webgunean txertatuko da; gainera, erabiltzaileak tokiko informazioa pertsonalizatzeko aukera izango du berria.info-n (alegia, informazio nazionalaz gain zein herri zehatzetako informazioa jaso nahi duen aukeratu ahal izango du). Bestetik, herri informazioa jorratzen duten atariek ere aukera izango dute berria.info-k lantzen duen informazioaren jarioa euren webguneetan txertatzeko.
Euskarazko komunikazio proiektuek bizi duten egoera ez da batere samurra, finantza krisiak eta prentsaren eredu krisiak bat egin dutelako. Hori horrela izanik, Topaguneak eta Berria Taldeak inoiz baino beharrezkoago ikusten dute elkarlana eta elkarrekintza. Bi komunikazio taldeen aldetik sortzen den informazioa irakurleei modu eraginkorragoan eskaintzeko bidea ikusi da ekimen honen bidez, eta lankidetzarako aukera aprobetxatu da. Tokiko informazioa lehen ere tokikom.com helbidean bateratzen du Topaguneak, eta honoko pauso honekin zabalkunde handiagoa eman nahi zaio herrietako informazio horri. Hala, elkarren informazio eskaintza osatuz, Berria.infok Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen zein herrikako Hitza.info-en jarioa jasoko du bere azalean, eta tokikom.com-ek Berriaren titular nagusiak eskainiko ditu tokiko informazioarekin batera.
Sinatutako hitzarmenaren bidez, jarioan jasotako edukia euren papereko argitalpenetan argitaratzeko eskubidea ere aitortzen diote elkarri sinatzaileek, betiere iturria ondo azpimarratuta.
|
|
|
|
|
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>
|
|
Orria 2 Zenbatetik 16 |