| Euskara, hedabideak eta Euroituna ikergai |
|
|
|
|
[+t]Europako[/+t] Kontseiluko Hizkuntza Gutxituen Itunaren (Euroituna) Jarraipenerako Batzordeko adituak gure artean izan dira egunotan, Espainiak, Euroitunaren sinatzaile ...
Europako Kontseiluko Hizkuntza Gutxituen Itunaren (Euroituna) Jarraipenerako Batzordeko adituak gure artean izan dira egunotan, Espainiak, Euroitunaren sinatzaile den aldetik, itun hori ganoraz betetzen ote duen egiaztatu guran. Egiaztatze lan horiek gauzatzeko, euskal gizarteko hainbat arlotako eragileekin elkartu dira: lege-arloan dihardutenekin, hezkuntza-mundukoekin... eta baita zenbait hedabidetako ordezkariekin ere. Estreinako bilera maiatzaren 25ean izan zen Iruñean, eta bertan Euskalerria Irratiaren, Nabarra aldizkariaren eta Topaguneko Nafarroako ordezkarien iritziak entzun ahal izan zituzten. Biharamunean, berriz, EAEko eragileen txanda izan zen, Bilbon, hainbat hedabidetako zuzendari eta arduradunekin bildu baitziren jarraipen batzordeko kideak. Tartean, Iker Martinez de Lagos Topaguneko idazkariarekin. Honek jakinarazi zienez, izan badira komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak, baina lekuan lekuko agintea dutenen borondatearen arabera ematen dira laguntzok, ez dagoelako ez hizkuntza-politika ez irizpide bateraturik. Topaguneko ordezkaritzaz gain, EITB, Argia, Berria, Gara, Aldaketa 16, Deia eta El Correoko kideak ere izan ziren bileran. Ia denek, oro har, kezka agertu zuten Espainiako Gobernuak ez duelako ia ezer egiten bere esku dauden hedabide publikoetan euskararen presentzia sustatzeko eta, horrez gain, xede horretarako ere diru-laguntzarik kasik bideratzen ez duelako. Era berean, Nafarroako Gobernuak ezarritako oztopoak ere salatu zituzten. Komunikabideen zuzendariei egindako galdeketa amaitu aurretik, adituetako batek gaiari buruz «nahasmena» dagoela jakinarazi zien. Izan ere, Espainiako agintarien egitekoa Euroituna betetzen dela bermatzea den arren, hori lekuko agintarien bidez egiten bada nahikoa dela gaineratu zuen. Adituek Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin zituzten atzo goizeko bilera guztiak. Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko kideekin hasi ziren, 08:30ean, eta komunikabideetako zuzendariekin amaitu, 13:30ean. Bilera guztiak presaka utzi behar izan zituzten, tartean eta ondoren hitzordu gehiago zituztelako. |