| Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua azaroan |
|
|
|
|
[+t]Aurtengo[/+t] azaroaren 9tik 12ra bitartean Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua burutuko da Bilboko Euskalduna jauregian. Euskarazko kazetaritzak XIX. mendearen bigarren...
Aurtengo azaroaren 9tik 12ra bitartean Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua burutuko da Bilboko Euskalduna jauregian. Euskarazko kazetaritzak XIX. mendearen bigarren erdian ekin zion bere bideari, eta Ipar Euskal Herrian egin zituen bere estraineko urratsak. Harrezkero bide luzea egin du eta, ahuleziak ahulezia, bere unerik gozoenak bizi ditu gaur egun. Nabarmena da, hala ere, kontu estrategiko batzuen inguruan gogoeta egiteko premia. Premia hori ikusita ari dira zenbait eragile arestian aipaturiko Kongresua antolatzen. Honako hauek dira, hain zuzen, antolaketa-taldea osatzen duten eragileak: Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, EKTSA (Berriaren eta Hitza egunkarien enpresa argitaratzailea), Euskal Idazleen Elkartea, EHU-UPV eta UEU. Antolaketa-taldean ez egonagatik, bestalde, Kongresuan parte hartuko dute euskaraz diharduten beste hedabide batzuek ere: dela EITBk, dela Iparraldeko Euskal Irratiek, dela Euskalerria Irratiak, dela Argiak... Kongresuaren helburuak askotarikoak dira: lehenik eta behin, euskarazko hedabideen diagnostikoa egin eta hedabideok euskal gizartean ezagutaraztea; horrez gain, elkarlan-aukerak aztertzea, proposamen zehatz batzuei buruz (euskarazko kazetaritzaren koordinazio-organoa edota euskarazko albiste-agentzia, berbarako) gogoeta egitea, atzerriko beste esperientzia batzuk ezagutzea (Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako hedabideetako kideek ere parte hartuko baitute) eta kazetaritza munduan etorkizun-joera nagusiak identifikatzea, estrategia egokiak prestatze aldera. Hori guztia gogoan, Kongresua euskarazko kazetaritzaren historian mugarria izango dela uste dute antolatzaileek. |