Hedabideen diru-laguntzen inguruko gogoeta PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Urriaren bukaerarekin batera ezagutu ditugu ofizialki Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak “komunikabideetan euskararen erabilera sendotu eta indartzeko eta euskal komunikabide... Urriaren bukaerarekin batera ezagutu ditugu ofizialki Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak “komunikabideetan euskararen erabilera sendotu eta indartzeko eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko” banatzen dituen 2004 urterako diru-laguntzen ebazpenak.

Azken urteotan diru-laguntzok izan duten bilakaeraren inguruan ondorengo hausnarketak egin ditugu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioan: 1.- Daten inguruan Diru-laguntzen deialdi publikoa ez da urtearen lehen hiruhilabetean kaleratzen normalean. Azken urteotan irailetik aurrera ezagutu izan ditugu urtero urteko jarduerari dagozkion diru-laguntzen ebazpenak.

Egitasmook zuzentzen ditugunontzat oso zaila da ganorazko kudeaketa eta aurreikuspenak egitea urteko azken hiruhilabetean jasotzen baldin badira datuak.

Horrela ezinezkoa egiten zaio edozein erakunderi ebazpen horiek izan ditzaketen ondorioak zuzentzeko neurriak hartzea. Era berean, ebazpenak ezagutzeko garaia kontutan hartuta, diru-laguntza jasotzeko datak ere asko atzeratzen dira eta komunikabide askori oso zaila egiten zaie atzerapen horrek dakartzan finantza-beharrei aurre egitea.

Finantziazioari aurre egiteko gastu gehigarriak sortzen dira sarri, eta horrek pisu berezia dakar hedabideok gidatzen dituzten erakundeontzat. 2.- Komunikabide mota bakoitzarentzat izendatuta dagoen diru-poltsaren inguruan Azken urteotan ebatzitako diru-laguntzen hazkunde ezak komunikabideentzat izendatuta dagoen diru kopurua gero eta egitasmo gehiagoren artean banatu behar izatea dakar, eta beraz, urtetik urtera, sektore guztia zalantza egoeran egotea.

Batetik, sortzen diren egitasmo berriak segurtasun-falta nabariarekin sortzen direlako; bestetik, lehenagotik datozen egitasmoek ere zalantza-egoera berdina daukatelako. Kontuan izan beharra dago, gainera, euskarazko hedabideek zein testuingurutan lan egiten duten.

Hedabideen merkatuan euskarazkoek leku txikia dute, eta hartzaile potentzialen kopurua ere txikiagoa daukate.

Euskarazko hedabideen iraupena ezin da merkatu-legeen menpe izan, euskarazkoak ez baitaude berdintasun-egoeran beste hedabideekiko.

Merkatuaren baitan utziko bagenitu gure ekoizpenak, ez lukete inolaz ere lortuko gaur egun duten kalitatea, zabalpena eta eragina.

Euskarazko hedabideek bestelako funtzioa betetzen dute, eta aintzat hartu behar da betetzen duten zerbitzu hori.

Egitasmoei jarraikortasuna ematea da gure kezka nagusia eta, horretarako, erakundeen laguntza jarraikia behar dugu.

Tokian tokiko eraginak gogoeta merezi lukeen arren, bereziki aipagarria iruditzen zaigu Arabako tokiko aldizkari bakarraren egoera.

Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzetan izandako bilakaera honi lurraldeko Foru Aldundiaren eta Gasteizko udalaren jarrera ere gehitu behar zaizkio, eta horrek, are kezkagarriago bihurtzen du hilabetekariaren egoera.

GEU aldizkariaren autofinantzaketa maila beste edozein aldizkarirena baino askoz handiagoa izanik ere, Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza 4.000 €-tan murriztu da azken urtean. 3.- Irizpideen inguruan Euskarazko hedabideentzako diru-laguntzak banatzeko orduan erabiltzen diren irizpideak aztertu beharra dagoela deritzogu, betebehar eta irizpideei dagokionez.

Hauek dira nagusiki dauzkagun kezkak.

Gai hau bi aldeei dagokiena dela badakigu, eta alde biek dugula lana ahalik eta modu zuzenenean eta dagokigun epeetan betetzeko ardura: hedabideetako arduradunok lana ondo egin, dokumentazioa bildu eta behar bezala aurkeztu, eta Eusko Jaurlaritzak berari dagozkionak bete.

Era berean, aipatutako kezkei irtenbidea bilatzeko behar diren bideak jorratzeko prest gaudela jakinarazi nahi dugu. Sinatzaileak: Baleike Kultur Elkartea, Batana Batu Kultur Elkartea, Berbaizu Euskara Elkartea, Bierrik Elkartea, Boluntzarreta Elkartea, Danbolinzulo Kultur Elkartea, Dobera Euskara Elkartea, Donostiako Komunikabideak EM, Durangaldeko Herri Komunikabideak, Elgoibarko Izarra Kultur Elkartea, Eta Kitto! Euskara Elkartea, Euskal Birusa Kultur Elkartea, Galtzaundi Elkartea, Geu Gasteiz Elkartea, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba, Goierritarra Kultur Elkartea, Gure Txeru Kirol eta Kultur Elkartea, Illati Euskara Elkartea, Karenka Komunikazio Elkartea, Karkara Kultur Elkartea, Mailope Kultur Elkartea, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Maxixatzen Euskara Elkartea, Noaua! Kultur Elkartea, Pil-Pilean Kultura Elkartea, Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioa, Txaparro Kultur Elkartea, Ttakun Kultur Elkartea, Ttipi-Ttapa Fundazioa, Uztarria Kultur Koordinadora, Zenbat Gara Elkartea, Zertu Kultur Elkartea, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa. 2004ko azaroa
 

Iruzkin bat idatzi


Seguritate kodeak
Freskatu

 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing