Topagunearen jardunaldiak, aurki abian PDF fitxategia Inprimatu E-posta
[+t]D[/+t]atorren azaroaren 16tik 30era bitartean jardunaldi ibiltariak burutuko ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Lau saio izango dira... Datorren azaroaren 16tik 30era bitartean jardunaldi ibiltariak burutuko ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Lau saio izango dira, beraz, euskara elkarteen izaeraz eta hauen jardunerako lan ardatz nagusiez gogoeta egiteko antolatuak laurak ere. Jardunaldiotan gai “zahar” eta “berriak” jorratuko dira.

Gai batzuk “zaharrak” direla diot euskara elkarteen mugimenduaren sorreran garatutako pentsamendua ekarriko delako gogora.

Pentsamendu honen zutabe nagusiak birpentsatzea eta gizarteratzea oraindik ere beharrezkoa delakoan gaude eta garai berrietara etorrita hauen egokitasuna berrikusiko da.

Euskararen erabileraz eta euskara elkarteen autogestioaz saio bana izango ditugu gogoeta-gai testuinguru honetan.

Euskararen erabileraren garrantzi estrategikoaz eta berau bermatzeko hartu beharreko neurriez hitz egingo digu Pablo Suberbiolak, SEI elkarteko Soziolinguistika klusterreko teknikariak Bilbon burutuko den lehenengo saioan.

Bigarrenean, berriz, autogestioa hainbat ikuspegitatik aztertuko da: pentsamenduaren ikuspegitik, ikuspegi ekonomikotik eta ekintzen ikuspegitik.

Gai hau Topaguneko lehendakari Joxemari Muxikaren eta Zenbat Gara elkarteko kide Teo Etxabururen parte-hartzearekin jorratuko da Donostiako ekitaldian. Landuko diren gai “berriak”, berriz, daukaten gaurkotasunagatik edota garai berriek ekarritako errealitateen ondorioz hartu duten zentraltasunagatik izendatu ditut horrela.

Azken hauen artean kultur aniztasuna eta kultur artekotasuna izango ditugu aztergai Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kidearen ahotik Iruñean egingo den saioan.

Euskal Herrian geroz eta etorkin gehiago dago eta hauek bertakotzerakoan euskal hiztunon komunitateak are barreiatuago gelditzeko arriskua izan dezake neurri integratzaile eraginkorrak aurreikusten ez badira.

Zein jarrera landu behar den eta kultur artekotasuna euskararen normalizazio prozesuan ahalik eta aberasgarrien suerta dadin zein neurri hartu beharko liratekeen, galdera horiei erantzuteko ahalegina egingo da saio honetan.

Hitzaldi honen osagarri gisa, Iruñeko Zabaldi Elkartasun Etxeko kide Txuri Ollok komunikazio bat eskainiko du elkarte honetako ikuspegia emanez.

Bukatzeko, hizkuntza eskubideen gaiari helduko zaio.

Euskal hiztunok komunikaziorako tresna gisa euskararen erabiltzaile garen aldetik zeintzuk eskubide ditugun aztertuko du Paula Casaresek Gasteizen egingo den saioan.

Euskal eta erdal hiztunen arteko aukera berdintasunaz eta hauen inguruan norbanakoek zein erakundeek duten jarreraz mintzatuko da Casares. Moderatzaileen zeregin garrantzitsua Jardunaldietako pisu nagusia hitzaldia emateko enkargua duten adituek izango badute ere, saiook gidatu eta dinamizatzeko moderatzaileen parte-hartzea funtsezkoa izango da.

Honela bada, gidari gaitu, adituak izango ditugu saiootan, hauen funtzio nagusia hizlariaren eta entzulearen arteko komunikazioa aberastea izango dela.

Funtzio hori betetzen izango ditugu, Julen Arexolaleiba, Benito Fiz, Jose Inazio Basterretxea eta Idoia Illarramendi, hurrenez hurren. Jardunaldiok euskararen erabileraz kezkatuta dagoen orori zuzenduta daude, euskara elkarteetako bazkide, liberatu, euskara teknikari, agintari politiko eta euskararen normalizazioaz ardura duten eragile ezberdinei.

Parte-hartzea irekia izango da eta, hortaz, zu zeu ere gonbidatuta zaude; ez aukerarik galdu!
 

Iruzkin bat idatzi


Seguritate kodeak
Freskatu

 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing