livemarks
Kultura
Irudienea sortzaileen gunea abenduaren 6tik 8ra Durangon PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Abenduaren 6a eta 8a bitartean zabalduko ditu ateak Durangon IRUDIENEAk, euskarazko ikus-entzunezkoen SORTZAILEEN GUNEAk. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa eta Gederiaga Elkartearen ekimenez sortu da IRUDIENEA eta euskaraz sortutako ikus-entzunezkoen erakusleku zein ikus-entzule eta sortzaileen topaleku izan nahi du. Horretarako hiru egunetan Landako gunean Durangoko Liburu eta Disko Azokaren eta Ahotsenearen artean, autobus bat jarriko da eta bertan 40 lagunentzako aretoa prestatu.

Ikus-entzunezkoen arloan euskal sortzaileen urteroko topagune bihurtu nahi luke IRUDIENEAk, Euskal Herrian euskaraz sortzen diren lanei leku eginez. Aurten gainera, Durangoko azokan kultura gonbidatua kultura galegoa da eta IRUDIENEAn sortzaile galiziarrek ere izango dute beren sormen lanak aurkezteko aukera.  Genero ezberdinek egingo dute agerpena eta aurten adibidez, bideo-klipek, film laburrek, fikzioak, animazioak, dokumentalek eta luzemetraiek presentzia izango dute IRUDIENEAren programazioan.

Asko eta askotarikoa da urtez urte euskaraz sortzen den materiala  eta IRUDIENEAk lagin txiki bat jasoko du, sortzen dena erakutsiko duen lagin txiki bat.

Bost oinarri nagusi izango ditu IRUDIENEAko programazioak:

  • Euskaraz sortutako iraupen laburreko film eta ikus-entzunezkoak. Topaguneak urtero-urtero antolatzen duen Laburbira zirkuituan bezala, azken bi urtetan egondako euskarazko produkziotik zenbait ale  hautatu eta eskainiko dira. Sortutakoen artean, abenduaren 3an aurkeztuko diren bi film laburrek ere izango dute lekua, Benito Ansola beka jaso dutenak, hain zuzen ere. Emanaldi hauetako batzuen ondoren, sortzaileek bertaratutako ikus-entzuleen galderei erantzungo diete.
  • Azken urtean sortutako bideo-klipak. Euskal musika taldeen azken lanak ezagutzeko aukera egongo da horrela.
  • Euskarazko bestelako dokumental eta filmak. Bi emanaldi berezi egongo dira atal honetan: batetik, 2011n estreinatu diren euskarazko film luzeetako baten pase berezia egongo da, Bertsolari filmarena (Asier Altuna zuzendariak parte hartuko du ondorengo hizketaldian) eta, bestetik, Gotzon Elortza Getxotarrak 60. hamarkadan sortutako eta Euskadiko Filmategiak aurten zaharberritutako euskarazko lehen hiru dokumentalen emanaldia ere egongo da (egileak berak ondorengo solasalditxoan parte hartuko du).
  • Euskal zinemagintzaren gaineko Zeluloidezko begiradak liburuaren aurkezpena. Mikel Garcia Idiakez liburuaren egileak eta zenbait euskal zinemagilek parte hartuko dute aurkezpena eta ondorengo mahai-inguruan (Jon Garaño, Juanba Berasategi, Telmo Esnal eta Asier Altuna).
  • Galegozko ikus-entzunezkoen produkzioa. Azken bi urtetan sortutako film laburrak eta bideo-klipak izango dira ikusgai. Jatorrizko bertsioan eskainiko dira eta filmeak euskarazko azpidatziak izango dituzte. Era berean "Digna rabia" dokumentala ere aurkeztuko da, hainbat hizkuntzatan grabatu eta euskaraz azpidatzitako dokumentala, Francoren garaiko emakume galiziarrei buruzko dokumentala.

Oinarrizko programazioaz gain, euskarara itzulitako zenbait nazioarteko filmek eta Durangoko Azokan aurkezten diren zenbait ikus-entzunezko materialen aurkezpenek ere izango dute Irudienearen programazioan lekua. 

 

 

Artaldea (Asier Altuna, 2010)
Topaguneak euskarazko ikus-entzunezkoen sormen lanak bultzatu eta zabaltzeko apustua osatzen du IRUDIENEArekin. Laburbira zirkuituarekin, ikus-entzunezkoen hedapena helburu, abiatu zuen lan-ildoa federazioak; urtero-urtero Euskal Herrian euskarazko film laburrak ikusteko aukera ematea da zirkuituaren helburu nagusia. Kameratoia rallya berriz, sortzaile gazteentzako topagunea eta lehiaketa da, urtero lan berriak sortzeko bidea ematen duena. Eta azkenik, Benito Ansola bekak antolatu ziren 2010 urtean lehenengoz, eta aurki izango ditugu irabazleen emaitzak ezagutzeko zenbait aukera (Lekeitioko zine bileran, abenduaren 3an, eta Irudienean, abenduaren 6an).

 

 

EGITARAUA

 

Asteartea, abenduak 6.

10:00. Gunearen aurkezpena.

10:30. Lehen emanaldia: Benito Ansola BEKAK. 2011ko lanak.

  • OHE AZPIKO ZERA, 2011, 10 mint. . ( David Zabala – Paul Urkijo )
  • IZENA DUENA. 2011, 10 mint. ( Josefa Uberuaga)  Egileak berak aurkeztuko du.

11:00. INSTALACION. 2010, 14 mint. ( Xose Diaz) Galegoz, euskaraz azpidatzia.

11:30. MUSIKLIPAK. Bideo musikalak galegoz eta euskaraz, egileek aurkeztuak.

12:00 - 20:00 ZINEMA EUSKARAZ maratoia: MARMADUKE, PERCY JACKSON, ICE AGE3, A-TALDEA

 

Asteazkena, abenduak 7.

11:00. MUSIKLIPAK. Euskarazko bideo musikalen aukeraketa bat, egileek aurkeztua.GOSE, SPARTEENS,  YOGURINHA BOUROVA, ZEA MAYS, SUTAGAR, ESNE BELTZA,.....

12:00. LABURBIRA. Zortzi film laburren emanaldia eta solasaldia Telmo Esnal, Jon Garaño eta Koldo Almandoz zuzendariekin

  • AMONA PUTZ (Telmo Esnal, 2009)
  • AHATE PASA (Koldo Almandoz, 2009)
  • ARTALDE (Asier Altuna, 2010)
  • ONDAR AHOAK (Angel Aldarondo, 2010)
  • HEMEN NAGO (Maialen Sarasua, 2010)
  • LANBROA (Mikel Zatarain, 2010)
  • ZEINEK GEHIAGO IRAUN (Gregorio Muro, 2011)
  • URREZKO ERAZTUNA (Jon Garaño, 2011)

13:30. ZELULOIDEZKO BEGIRADAK ( Elkar, 2001) liburuaren aurkezpena.

  • Mikel Garcia Idiakez egilea eta zenbait zine zuzendarirekin.

16:15. MUSIKLIPAK. Egileek aurkeztua.GOSE, SPARTEENS,  YOGURINHA BOUROVA, ZEA MAYS, SUTAGAR, ESNE BELTZA,.....

17:00. LABURBIRA. Emanaldia eta solasaldia Mikel Zatarain,Maialen Sarasua eta Angel Aldarondo zuzendariekin

18:30. “ BERTSOLARI” dokumentala. Asier Altuna zuzendariarekin.

 

Osteguna, abenduak 8.

 

11:00. Galiziako MUSIKLIPAK. Galegoz egindako bideo musikalak.

            FLUZO, UXIA, ATAQUEESCAMPE, SON DO GALPOM, LAMATUMBA, THE HOMENS,OS RESENTIDOS, KASTOMA, RUXERUXE, ALO IRMAO, MARFUL

12:00. GALIZIA LABURREAN. Galegoz egindako bost film labur.

  • GATO ENCERRADO (Peque Varela, 2010)
  • BIOGRAFIA DUN AUTOR DE TEBEOS (Marcos Nine, 2010)
  • INSTALACION (Xose Diaz, 2010)
  • ESTEREOSCOPIA (Xacio Baño, 2011)
  • BIRDBOY (Alberto Vazquez - Pedro Rivero, 2011)

13:30. “ DIGNA RABIA” dokumentala. Euskaraz azpidatzia.

  • Franco garaiko emakume galiziarren historiari buruzko dokumentala: espetxeak, heriotza, miseria, gosea, menpetasuna, kontzientzia politiko eta feminista, berdintasunaren aldeko borroka. Historia unibertsal bat.

16:30. EUSKARAZKO LEHEN DOKUMENTALAK. Gotzon Elortza egilearekin.

  • EREAGATIK MATXITXAKORA ( 1959. 13 mint), ABERRIA ( 1961, 15 mint.)
  • ELBURUA GERNIKA ( 1962, 26 mint.)
18:30. GALIZIA LABURREAN. Galegoz egindako bost film labur. Bigarren emanaldia.
 
Benito Ansola Bekarekin sortutako laburren estreinaldia, abenduaren 3an PDF fitxategia Inprimatu E-posta

David Zabala lekeitiarrak zuzendutako “Ohe azpiko zera” eta Joseba Uberuaga gernikarraren “Izena duena” laburrak datorren abenduaren 3an estreinatuko dira Lekeition, Zine Bileraren programazioaren barruan.

Bi lanok Benito Ansola Beken lehen edizioa irabazi eta launa mila euroko laguntza jaso dute garatu ahal izateko. Beka horiek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sortu ditu, Lekeitioko Udalarekin eta Euskal Zine Bilerarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzen babesarekin.

BENITO ANSOLA BEKAK - logoaSortzaile euskaldunei lanak sortu eta zabaltzeko aukera emateko asmotan, Topaguneak hainbat egitasmo sortu ditu azken urteotan: Laburbira film labur zirkuitua, Kameratoia ikus-entzunezko rallya, aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko den Irudienea egitasmoa eta iaz abiatu zen Benito Ansola beka. Horiekin guztiekin, euskarazko ikus-entzunezkoen sormenari lagundu nahi dio Topaguneak, beti ere euskara elkarteen mugimenduaren ikuspegitik, hots: sormen hori euskararen normalizazioan eragiteko tresna gisa ulertuta. Ekimen horien bidez, ikus-entzunezko lanak euskaraz sortzea eta lan horiek zabaltzea bultzatu nahi du Federazioak, baita esparru horretan diharduten lagunen arteko harreman sareak euskaraz ehuntzea.

Ingurumari horretan, Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola Bekak sortu zituen 2010ean. Euskal Herriko 18-36 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta ikus-entzunezko lanak sortzen laguntzea dute helburu. Lehen edizioan 17 proiektu jaso genituen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoatik, genero guztietakoak: animazioa, drama, tragikomedia, fikzioa eta, batez ere, dokumentalak.

Gauzak horrela, epaimahaiak ez zuen erraza izan horien artean bi lan aukeratzea. Epaimahai hori hiru lagunek osatu zuten:

  • Koldo Almandoz zuzendari eta errealizadore donostiarrak
  • Vanesa Fernandez, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakasleak
  • Joseba Zuberogoitia, Lekeitioko Euskal Zine Bilerako antolatzaileak

Esan bezala, epaimahaiak aukeratutako bi lanek launa mila euroko laguntza jaso dute egitasmoa gauzatu ahal izateko, eta emaitzak, egia esan, ederrak izan dira. Ekoitzitako bi lanak abenduaren 3an estreinatuko dira, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren itxiera galan. “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena” dira haien izenburuak, eta jarraian duzue bakoitzaren inguruko fitxa labur bat.

Benito Ansola - Ohe azpiko zera

OHE AZPIKO ZERA.

Egileak:
David Zabala eta Paul Urkijo.

Ezaugarriak:
Argumentuzko fikzioa, 13’.

Sinopsia:
Mattini galtzerdiak desagertu egiten zaizkio egun batetik bestera. Bere klasekideak barre egiten diote galtzerdirik ez duelako eta etxean errieta egiten diote galtzerdiak galtzeagatik. Egoera hau nork edo zerk eragiten duen argitu nahian Mattin bere beldurren aurka arituko da.

Trailerra:

ohe azpiko zera (teaser) from paneo360 on Vimeo.

 


 

'Izena duena' - fotograma batIZENA DUENA.

Egilea: Joseba Uberuaga Natxiondo.

Ezaugarriak: Argumentuzko animazioa, 9’.

Sinopsia: Basajaunek gau osoa eman du ardiak zaintzen. Goizaldean, abiatzeko orduan, otsoak agertu dira!. Txistua jo du bordako artzainak ohartarazteko, baina ez dirudi konturatu direnik.

Trailerra:

Izena Duena aurrerapena from Joseba Uberuaga on Vimeo.

 
Udagoieneko Ostera 2011. Zozketaren irabazleak. PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Hauexek dira Udagoieneko Ostera 2011ko hiru ikuskizun dohainik ikusteko bina lagunentzako txartelak irabazi dituzten lagunak:

  • Ane Albizu Landa
  • Ostaiska Gabiria Ellakuria
  • Itxaso Antuñano Zeanuri
  • Miren Bilbao Sarria
  • Maider Uribe

Zorionak guztioi! Jarraian jarriko gara zuekin kontaktuan ikuskizunak aukera ditzazuen! ;)

Zorterik izan ez duzuenok, gogoratu oraindik aukera bat izan zenezaketela gure Twitter kontuaren bidez! Hona zer egin behar duzuen:

  • Egin topagunearen jarraitzaile Twitterren
  • Idatzi tuit bat #osterakerobia etiketa eta http://bit.ly/sfcIUM lotura sartuz
  • Listo! Azaroaren 11an 11etan zozketatuko ditugu Kerobiaren akustikoa ikusteko bi lagunentzako bina sarrera!

Zorte on!

 
Udagoieneko ostera, hamabigarrenez PDF fitxategia Inprimatu E-posta
UDAGOIENEKO OSTERA 2011 - Kartela

Udagoieneko Osteraren hamabigarren edizioa azaroaren 10ean abiatuko da, Katamalok Bilboko Kafe Antzokian eskainiko duen emanaldiarekin. Udagoieneko Ostera Topaguneak antolatzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, eta urtero-urtero euskarazko kultur produkzioa eramaten du Bizkaiko antzokietara.

Aurtengo programazioa sei emanaldik osatzen dute. Adi ibiliz gero, doako sarrerak lortzeko aukera izango duzue egunotan!

  • KATAMALO: Katamaloa “erantzi” ondoren, publikoa gosez utzi zuen taldeak, eta hori dela eta, kontzertu bakan batzuk emateko itzuli da.
    (Azaroak 10, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian 21:30ean). Sarrerak agortuta! Zozketan parte hartu nahi? ;)

  • KEROBIA: Trilogia atera eta gero (Materia Organikoa, Papera eta Kartoia, Ontziak), kantu horien moldaketa akustikoa aurkeztera datozkigu “Nola jaiotzen diren aurrez zendutakoak” emanaldi intimistarekin.
    (Azaroak 11, ostirala. Urdulizko Kultur Etxean 22:00etan).

  • MIKEL URDANGARIN: Estudioko zortzi disko argitaratu ondoren, ibilbide guztiko kantuak jasotzen dituen zuzeneko diskoa aurkeztuko du. Disko hori aurkezteko lehen kontzertua Udagoieneko Osteraren barruan egingo du.
    (Azaroak 18, ostirala. Balmasedako Klaret Antzokian 20:30ean).

  • HOSTOAK: Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai dantza konpainiaren eskutik paregabeko emanaldia, punta-puntako euskal musikari eta dantzarien eskutik.
    (Azaroak 25, ostirala. Ermua Antzokian, 22:15ean).

  • ETXE+LORELEI: Kantautore estiloko emanaldia, alde batetik Etxe, bere disko bietako lanekin, eta bestetik Lorelei, 11 urte ta gero Osteran agertuko dira berriro, beraien esanetan “bizirik” lurperatu baitzuten poesi musikatu proiektu hau.
    (Azaroak 26, larunbata. Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan 22:00etan).

  • TXAN MAGOA: Urteetako prestaketaren ondoren, emanaldi berria estreinatuko du Osteran, Ezer ez da dirudiena titulupean.
    (Azaroak 27, igandea. Barakaldo Antzokian 18:00etan).

Bost lagunentzako hiru emanaldirako sarreren zozketa

 

Gero eta gehiago zarete interneten jarraitzen gaituzuenok, eta eskerrak emateko, Udagoieneko Osterako emanaldiak dohainik ikusteko aukera eman nahi dizuegu. Hasteko eta behin, bost lagunek Osterako hiru emanalditara joateko bina sarrera lortu ahal izango dituzue. Horretarako, Udagoieneko Ostera 2011ren orrialdera joan eta bertan dagoen galdetegia betetzea baino ez duzue. Zozketa azaroaren 10eko goizean bertan egingo dugu datuak bete dituzen guztion artean.

 

Twitter bidez ere, sarrerak lortzeko aukera

Twitter bidez jarraitzen gaituzuenok ere aukera izango duzue Osteraren hainbat emanalditarako sarrerak lortzeko. Hurrengo egunotan zabaltzen ditugun txioak arretaz irakurri zer egin behar duzuen jakiteko!

 
Aiaraldeko Kultur Zirkuitua, igandetik aurrera PDF fitxategia Inprimatu E-posta

AIARALDEKO KULTUR ZIRKUITUA

Baranbioko BELAIKI, Laudioko BASALARRINA, Aiarako HOGEITALAU, Amurrioko ASPALTZA eta TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak , hainbat kultur arlotako formatu txiki eta kalitate handiko ikuskizunak biltzen dituen AIARALDEKO KULTUR ZIRKUITU bateratua antolatu dute; ikuskizunak, datak eta antolakuntzaren zenbait kontu koordinatuta.

Lau elkarteen eta Topagunearen beraren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, adin eta zaletasun ezberdinetako euskaldunak asetzeko moduko kultur jarduerak antolatzen dituzte bakoitza bere eremuan. Oraingo honetan, ordea, bata eta bestearen emanaldiak uztartuz, ekimen bateratua garatu dute, duela bost urtetik urtero egiten duten bezala.

Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatu eta koordinatuz, hiru helburu zehatz ditu eskualdeko zirkuituak:

-Eskualdeko euskarazko kultur dinamika eta eskaintza aberastea.

-Euskaldunei euskarazko kultur sorkuntza ezagutaraztea eta haren inguruan harreman sarea aberasteko aukera ematea.

-Eskaintza bateratua eratuz, emanaldiak elkarren aberasgarri izan, erreferentzialtasuna lortu eta ikusezintasuna gainditzea.

Egitarauari dagokionez, hainbat kultur arlotako zazpi emanaldik osatuko dute zirkuitua. Ondoko hauek, hain zuzen ere:

AIARALDEKO KULTUR ZIRKUITUA

( 2011 IRAILA-URRIA)

Elkartea

Kulturgilea

Ikuskizuna

Eguna

Ordua

Tokia

BELAIKI

Jakin eta jolas

“Dantzaz blai”

Irailak 11, Igandea

18:30

Baranbioko plaza

ASPALTZA

Patata tropikala

“Amona Joxeparen istorioak”

Irailak 16, ostirala .

18:00

Amurrioko Parkean ???

HOGEITALAU

“Animagic”

Pailazoak

Animagiclows

Irailak 25, igandea

17:00

Arespalditza Udaletxea

HOGEITALAU

Irati Anda

“Hamarkada bat harkaitzen artean”

Diaporama

Irailak 30, ostirala

19:30

Arespalditza Udaletxea

BASALARRINA

Joxe Mari Carrere

“Maitasunaren arbola. Ipuin pre-erotikoak”

Urriak 20, osteguna

19:00

Basalarrina

HOGEITALAU

Kontukantoi

“ Bazen nonbait….”

Urriak 23,

igandea

17:00

Menoioko, kontzejuan

HOGEITALAU

BADOK 4 (Sokaide Taldeko 4 musikari)

“ Kontzertu didaktikoa”

Urriak 28, ostirala

19:30

Luiaondoko Sozialean.

 

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>

Orria 1 Zenbatetik 10
 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing