Kultur Errotak Urolan estreinatuko ditu eskualde zirkuituak PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak tokian tokiko elkarteekin batera antolatzen duen Kultur Errota zirkuituak Urolan estreinatuko du bere eskaintza berria: eskualde zirkuituak, alegia. Topa... Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak tokian tokiko elkarteekin batera antolatzen duen Kultur Errota zirkuituak Urolan estreinatuko du bere eskaintza berria: eskualde zirkuituak, alegia. Topagunearen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, Kultur Errota zirkuitua antolatzen du, federazioaren kide diren Euskara Elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea. Eskaintzaren ideia nagusietako bat kultur eskaintza herrietara hurbiltzea da: Topaguneak ikuskizun eskaintza zabala luzatzen die euskara elkarteei, herriaren zein elkartearen beraren ezaugarrien araberako aukeraketa egin dezaten. Aurten, gainera, hurbiltasun horri atarramendu gehiago ateratzeko bidea ireki du Topaguneak, eskualde zirkuituak antolatzeko aukera eskainiz. Eskualde zirkuitu horien helburua hurbil dauden euskara elkarteen kultur programazioa koordinatzea eta, horrela, eskaintza bateratua lortzea da. Zirkuituon oinarria oso sinplea da: hurbil dauden herrietan kultur alor bereko hainbat ikuskizun eskaintzea, elkarren aberasgarri izan daitezen. Horrelako lehenengo eskaintza, bada, Urolan bertan egingo da, Azkoitiako Maxixatzen, Zestoako Danbolinzulo eta Zumaiako Baleike eta Txinparta Euskara Elkarteen elkarlanari esker. Urolako zirkuitua literatura eta musika emanaldien ingurukoa izango da, eta urriaren 20an hasiko da Maxixatzen Elkartearen eskutik, Patxi Zubizarretaren 'Hamar mezu eta dei bat' ikuskizunarekin. Danbolinzulo elkartea izango da hurrengo emanaldia eskainiko duena. Zestoarrek (eta inguruko herrietakoek, noski) Mugaldekoak taldearen 'Poemak, kantuak eta kantu poemak' ikuskizunaz gozatu ahal izango dute urriaren 27an. Azkenik, Zumaiako Baleike eta Txinparta Elkarteek bi ikuskizun ekarriko dituzte herrira: Leire Bilbaoren 'Ezkatak', azaroaren 3an, eta Bertol Arrietaren 'Txikira beti hordago!', azaroaren 24an.
 

Iruzkin bat idatzi


Seguritate kodeak
Freskatu

 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing