|
|
Mintza Eguneko abestia aurkeztuko da igandean |
|
|
|
|
Datorren igandean, ekainaren 6an, Arrasaten egingo den Mintza Egunerako abestia prestatu dute Jokin Labayen, Manex Agirre eta Nerea Urrak. Goiena.net atarian abestiaren hitzak ezagutzera eman dituzte, iganderako parte hartzaileek kantua ikasi ahal izateko.
Seigarrenez ospatuko da aurten Mintza Eguna, Euskal Herriko Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide eta Solaslagunen topagunea izateko jaio den eguna. Aurten Arrasaten egingo da eta jadanik ia 250 lagunek eman dute izena bazkarirako. Arrasateko Mintza Egunaren antolaketan Topagunea eta AED elkartearen Zahar Berri programako kideak aritu dira.
Iturria: Goiena.net
|
|
|
Mintza Egunaren bosgarren edizioa, ekainaren 6an Arrasaten |
|
|
|
|
Arrasateko Udalean egindako prentsaurrekoan, TOPAGUNEAk, ZaharBerrik eta Arrasateko Udalak berak Mintza Egunaren VI. edizioa aurkeztu dute gaur.
Prentsaurrekoan Arkaitz Biain Euskara saileko zinegotziarekin batera, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, eta Zahar Berriko teknikaria den Maitena Arana izan dira. Ekitaldia laguntza hitzarmena sinatzeko aprobetxatu dute Topaguneak eta Arrasateko Udalak, Mendizabalek eta Bianek izenpetu dutena.
Mintza Egunera gerturatzen direnek Arrasteko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute, “eta baita mingainak dantzan jartzeko ere”. Jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da, Biteri Plazan egingo den ongietorria eta hamaiketakoaz. 12:00etan ibilaldi gidatua egingo dute bertaratutakoek tokiko berezitasunak ezagutzeko, eta 13:30etan kalejiraren txanda izango da.
Eguerdi partean indarrak berritzeko unea izango da, eta horretarako Arrasate Errugbi taldeak Herriko plazan jarriko duen karpan bazkalduko dute 14:30etatik aurrera. Esan beharra dago 300 pertsona inguru espero dutela, “halere bazkaltzeko 500 txartel ditugu, AED elkartean, Monte eta Irati tabernetan salgai daudenak”. 15:30etan une hunkigarria biziko da, sari banaketa burutuko baitute. Sari hauek urtero banatzen dira, Mintzapraktika egitasmoetan pertsona ezberdinek egin duten ibilbideak omentzeko.
Arratsaldeko 16:00retan jaialdia bere azken txanpan sartuko da, Kataia taldeak erromeria eskainiko baitu. Esan beharra dago honako hau Mintza Egunaren berritasun nagusia izango dela, Markina eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten duten senegaldar eta ganbiarrek osatzen baitute Kataia. Aranaren esan “arratsaldeko 18:00ak aldera espero dugu jaialdiari amaiera ematea”.
|
|
Mintzapraktika on-line egiteko izen-ematea zabalik |
|
|
|
|
Bi urtetako esperientziaren ondoren, mintzapraktika on-line egiteko aukera zabalik da berriro ere, izen-ematea egin daiteke jadanik. Mintzapraktika.org webguneak eskaintzen duen aukera da internet bidezko mintzapraktikarena; Skype erabiltzen da horretarako.
Aurreko ikasturteetan bertako euskaldunak edo munduko edozein tokitako euskaldunak harremanetan jartzea lortu genuen. Ikasturte honetan ere aukera hori eskaintzen jarraituko dugu aipatu webgunean.
Dei berezia egin zaie oraingo honetan euskaraz txukun moldatzen diren pertsonei, mintzamena hobetu nahi dutenekin taldetxoak sortzeko behar-beharrezkoak baitira.
Informazio gehiago eta izen-ematea mintzapraktika.org webgunean.
|
|
|
Mintzapraktika egitasmoak garatzeko hitzarmena sinatu dute Oionen IKAk eta Topaguneak |
|
|
|
OION, 2009/06/29.- IKA euskaltegien koordinakundeak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hitzarmena sinatu dute gaur, ekainak 29, Oionen. Nafarroako eta Arabako zenbait eskualdetan euskara elkarteen eta euskaltegien artean dagoen harremana babestu eta sendotzeko egindako hitzarmena da IKAren izenean Andoni Landak Topagunearen izenean Jasone Mendizabalek sinatu dutena.
Arabar Errioxa aukeratu dute erakundeok beraien hitzarmena sinatzeko, eskualde horretako Mintzalagun egitasmoa IKA euskaltegia eta bertako euskara elkartearen arteko harremanetik sortutakoa da eta. Bigarren urtez martxan dagoen egitasmo honen garrantzia azpimarratu nahi izan dute erakunde biek Oionen egindako ekitaldian.
Mintzapraktika egitasmoetan jarduera eta helburu ezberdinetako erakunde eta gizarte eragileen artean dagoen elkarlana azpimarratu dute IKAren eta Topagunearen ordezkariek ekitaldian, Mintzalagun eta Mintzakide egitasmoak adibide modura jarriz. Izan ere, Arabar Errioxa, Gasteiz eta Iruñerrian martxan dauden eta biek parte hartzen duten egitasmoak parte hartze zabalaren eta arrakastaren adibide baitira. Oso ezaugarri ezberdinetako eskualdeak izanik, mintzapraktika egitasmoek euskaldunon sareak egituratzeko duten garrantzia nabarmena da aipatutako eremuetan. Euskal Herri osoan dauden 2.600 mintzalagunek egitasmoak azken urteetan izandako zabalpenaren erakusle dutela aipatu dute halaber sinatzaileek.
Hitzarmenaren bidez, erakunde biek egitasmo berriak martxan jartzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute, baita beste eragile eta erakundeekin elkarlanean jarduteko ere. Gainera, martxan dauden egitasmoak indartu eta hedatzeko komunikazioa, prestakuntza eta ekintza osagarriak bultzatuko dituztela adierazi dute Landak eta Mendizabalek.
|
|
Mintzapraktika egitasmoak sendotu eta garatzeko Hitzarmena sinatu dute AEK-k eta Topaguneak |
|
|
|
|
Mintzapraktika egitasmoak zabaldu, sendotu eta garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta AEK Helduen Alfabetatze Euskalduntzeko Koordinakundeak. Azken urteetan erakunde biek izandako harreman eta elkarlana hitzarmenean gauzatu dute horrela bi erakundeek.
Jasone Mendizabal zuzendariak, Topagunearen izenean, eta Mertxe Mugika koordinatzaileak, AEKren izenean, sinatu dute hitzarmena Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitzan.
Mintzapraktika egitasmoek azken urteotan izan duten hazkundea azpimarratu dute ordezkari biek eta elkarlanak hazkunde horretan izandako eragina handia izan dela gogoratu. Izan ere, gaur egun 2.600 lagunetik gora ari baitira ia 50 herri eta eskualdetan martxan dauden egitasmoetan parte hartzen. Euskararen erabileran eragiteko eta hiztunen hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko funtsezko egitasmoak bihurtu direla esan dute Mendizabal eta Mugikak.
Hitzarmenaren bidez erakunde biek hartzen dute herriz herri martxan jartzen diren egitasmoetan tokian tokiko euskara elkarte eta euskaltegien arteko harremana bideratu eta elkarlana bultzatzeko konpromisoa. Era berean, egitasmoetan lanean ari diren dinamizatzaileentzako prestakuntza saioak antolatu eta egitasmoak gizarteratzeko erakunde bien arteko harremana areagotzea da hitzarmenaren helburu.
Topagunea eta AEKren arteko mintzapraktika egitasmoen gaineko harremana aspaldikoa da. Bizkaian martxan jarritako Berbabarri hitzarmenean abiatu zen elkarlana 2000. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera sinatutako hitzarmena. Gerora, jardunaldiak antolatzeaz gain, azken hiru urteotan harreman sakona izan dute erakundeok egitasmo berriak martxan jarri eta lehenagokoak hobetzeko helburuarekin. Era berean, mintzapraktika.org atariaren kudeaketa ere erakunde bien artean eramaten dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
|
|
|
|
|
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 Hurrengoa > Amaiera >>
|
|
Orria 3 Zenbatetik 7 |