|
Arantxa, Bergarako berbalaguna |
|
|
|
|
Lankidetza hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak |
|
|
|
|
Mintzapraktika egitasmoak sustatzeko 2010 urteko Bidaide egitasmoa aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak. Gaur goizean sinatu dute Topaguneak Bilbon duen egoitzan Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak eta Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hitzarmena. Bosgarren urtez sinatu den hitzarmena da hau eta aurtengoan 70.000 euroko diru-laguntza jasoko du Topaguneak egitasmoak jasotzen dituen eginkizun guztiak betetzeko.
Sinadura ekitaldian Jasone Mendizabalek Mintzapraktika egitasmoek azken bost urteotan izan duten bilakaera azpimarratu du eta bilakaera horretan hainbat faktorek eragin nabarmena izan dutela azaldu du. Bereziki azpimarratu ditu herriz-herri mintzapraktika proiektuetan parte hartzeko erabakia hartu duten lagunak, beraien euskaraz bizitzeko nahiak eraman baititu euskaraz aritzeko guneak sortzera. Era berean herriz herri lanean ari diren euskara elkarte, euskaltegi eta bestelako eragileen lana ere azpimarratu du Mendizabalek. Egitasmoak kuantitatiboki hazi egin direla nabarmena da eta, horrekin batera, kalitate eta eragin aldetik ere emaitza onak ematen dituztela azaldu du Jasonek, azken hilabeteetan egin diren ikerketek erakutsi izan duten modura.
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berriz, Topagunearekin sinatutako akordioa Kultura Sailak markatu duen estrategiaren baitan kokatzen dela azpimarratu du: "Gure helburua da ahalik eta elkarte gehienekin akordioak sinatzea elkarlanean sinisten dugulako eta beharrezko ikusten dugulako guztiok norabide berean aritzea indarrak alferrik xahutu gabe". Era berean, Auzmendiren iritziz, diruz lagunduko den Mintzalagunaren egitasmoa jardunbide benetan interesgarria da eta proiektua zabaltzeko bidea egin nahi du Eusko Jaurlaritzak saioak indartuz: "Euskara bizitzako gune eta egoera guztietara zabaldu nahi dugu, hau da, ikasketa eta euskalduntze prozesuetatik haratago eraman, gizartera hedatu. Hori lortzeko bidean hondar ale bat gehiago da gaur Topagunearekin firmatu dugun hitzarmena".
|
|
|
Udan euskaraz gozatzeko beste aukera bat mintzapraktika egitasmoetan ari direnentzat |
|
|
|
|
Guztira, hiru mila lagunek hartzen dute parte Euskal Herri osoko 60 herri eta eskualdetan martxan dauden Mintzapraktika programetan. Haietako asko ekainaren 6an bildu ziren Arrasaten, Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatu eta ‘ikasturteari’ jai giroko amaiera emateko.
Mintzapraktika programek aisialdia, gozamena eta euskara uztartzen dute, eta, hiru elementuok kontuan hartuta, udan ere mingaina astindu nahi duten mintzalagunentzako aukera berri bat landu dute elkarlanean Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak.
Hala, uda honetan euskara praktikatu nahi duten mintzalagun edo berbalagunek, Bizkaian (Busturialdean eta Mungialdean) dauden 17 baserritan izango dute horretarako aukera. Baserritarrek giro euskaldunean murgildu eta euskaraz bizitzeko aukera eskainiko dute, baserriko lanetan laguntzearen truke. Programa uztaila, abuztua eta irailean jarriko da martxan. EHNEk prest du jadanik parte hartuko duten baserri eta baserritarren zerrenda eta, beraz, orain horietan aritzeko gogoa duten mintzalagun edo berbalagunak bilatzea besterik ez da falta. Boluntario horiek, dohainik eman dezakete izena, eta baserrira bitarteko garraio gastuak ere ordaindu egingo zaizkie.
Mintzapraktika programetan bezalaxe, parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da honetan ere: aldi bateko egonaldian, egun zehatzetan, ordukako egutegian, behin, aldiro. Bakoitzak duen parte hartzeko aukeraren arabera, hain zuzen ere. Izan ere, antolatzaileek programan parte hartu nahi duten guztiek horretarako aukera izatea nahi dute, eta hori dela eta proposamena ahalik eta malguena egin nahi izan dute.
Atauri-Joxe Felix Diaz de Tuesta (cc-nc-by-sa)
Euskara praktikatzeaz gain, baserri giroa ezagutzeko aukera bikaina da! Hain zuzen ere programarekin hasi aurretik, EHNEk formazio saio xumea eskainiko die parte hartzaileei, baserriko lanaren oinarri-oinarrizko tekniken berri izan dezaten. Urbanita hutsa izatea ere ez da eragozpena, beraz!
Proiektuan parte hartu edo informazio gehiago nahi? Zalantzak argitzeko, Topagunearekin harremanetan jartzea baino ez dago. Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da.
Topaguneak eta EHNEk proiektu pilotu honekin ilusionaturik daude hain zuzen ere aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko bideak eta aukerak irudikatu dituztelako.
Argazkia: Atauri-Joxe Felix Diaz de Tuesta (cc-nc-by-sa)
|
|
300 bat lagun bildu dira gaur Arrasaten Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatzeko |
|
|
|
|
TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED Elkarteak eta Zahar Berri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetako partaideak elkartzeko eta jai-egun entretenigarria euskaraz pasatzeko helburua duen jaia. Berbalagunak, solaskideak, mintzalagunak... Hego Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu dira Arrasatera mingaina gustura astintzeko.
Antolatzaileen ongi etorriaren ondoren, bertaratutako lagunek hamaiketakoa egin dute Biteri plazan, txalapartaren soinuak lagunduta. Euriak une batetik bestera denak sakabanatu behar zituela ematen zuen arren, azkenean eguraldiak ere bat egin du jaiarekin, eta han-hemenkako tantatxo batzuk kenduta, aparteko eragozpenik ez da egon.
Hamaiketakoaren ondoren Arrasateko historia eta txoko esanguratsuak ezagutzeko ibilbide gidatua hasi da, Ana Isabel Ugalderen eskutik. Historialariak ahozabalik utzi du bat baino gehiago Arrasate eta Mondragoeren arteko diferentziak, herriko harresia eta garai bateko arkitektura eta hirigintza arauak gaitzat hartuta.
Ibilbidearen ostean, Manex Agurre eta Jokin Labaien bertsolari gazteek jarri diote piperra goizari, eta jaso duten txalo zaparrada ikusita, entzuleek gustura hartu dituztela esan daiteke. Gero entzuleak beraiek izan dira protagonista, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek kantuan eta dantzan jarri baitituzte, hala Mintza Egunera etorritakoak nola kalean zebiltzan herritarrak ere.
Kalejiraren ondoren, 14:30ak aldera, mintzalagunak Udaletxeko plazako karpa erraldoian elkartu dira elkarrekin bazkaltzeko. 270 lagun batu dira han guztira, eta, postrean, eguneko unerik hunkigarriena iritsi da: urtero egiten den sari banaketarena, hain zuzen ere. Sari horiekin, mintzapraktika egitasmoetan ibilbide nabarmena duten lagunen ahalegina eskertzen da. Eta bistan da asko direla ahalegin hori egiten dutenak, aurten zazpi izan baitira saritutakoak: Uribe Kostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Ezkerraldeko Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero eta duela 21 urte Ekuadorretik Donostiara etorritako Gladis Villalva kazetaria.

Guztiek ere hunkituta jaso dute saria, eta eskerrak eman ondoren erromeriaren txanda izan da. Seguruenik, horixe izan da eguneko sorpresarik handiena askorentzat: izan ere, musikari senegaldarrek eta ganbiarrek osatzen duten Kataia taldeak izan du musika jartzeko lana: taldeak musikarien herriko musika egiten du, euskarazko letra jarrita, nahasketa bitxia sortuz.
Hasierako ezustekoa gaindituta, asko izan dira Kataiaren erritmoekin dantzara animatu diren berbalagunak zein kaleko herritarrak, eta halaxe, kantuan eta dantzan joan da arratsaldea, dezente luzatu dena. Bosgarrena ia-ia amaitu gabe oraindik, eta partaideetako asko galdezka hasi dira jadanik, seigarrena non eta noiz izango den.
Seigarren Mintza Eguna TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak, AED elkarteak eta ZaharBerri mintzapraktika egitasmoak antolatu dute, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udalaren babesaz, eta AEK zein IKAren laguntzarekin.
|
|