livemarks
Udan euskaraz gozatzeko beste aukera bat mintzapraktika egitasmoetan ari direnentzat PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Guztira,  hiru mila lagunek hartzen dute parte Euskal Herri osoko 60 herri eta eskualdetan martxan dauden Mintzapraktika programetan. Haietako asko ekainaren 6an bildu ziren Arrasaten, Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatu eta ‘ikasturteari’ jai giroko amaiera emateko.

Mintzapraktika programek aisialdia, gozamena eta euskara uztartzen dute, eta, hiru elementuok kontuan hartuta, udan ere mingaina astindu nahi duten mintzalagunentzako aukera berri bat landu dute elkarlanean Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak.

Hala, uda honetan euskara praktikatu nahi duten mintzalagun edo berbalagunek, Bizkaian (Busturialdean eta Mungialdean) dauden 17 baserritan izango dute horretarako aukera. Baserritarrek giro euskaldunean murgildu eta euskaraz bizitzeko aukera eskainiko dute, baserriko lanetan laguntzearen truke.

Programa uztaila, abuztua eta irailean jarriko da martxan. EHNEk prest du jadanik parte hartuko duten baserri eta baserritarren zerrenda eta, beraz, orain horietan aritzeko gogoa duten mintzalagun edo berbalagunak  bilatzea besterik ez da falta. Boluntario horiek, dohainik eman dezakete izena, eta baserrira bitarteko garraio gastuak ere ordaindu egingo zaizkie.

Mintzapraktika programetan bezalaxe, parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da honetan ere: aldi bateko egonaldian, egun zehatzetan, ordukako egutegian, behin, aldiro. Bakoitzak duen parte hartzeko aukeraren arabera, hain zuzen ere. Izan ere, antolatzaileek programan parte hartu nahi duten guztiek horretarako aukera izatea nahi dute, eta hori dela eta proposamena ahalik eta malguena egin nahi izan dute.

Atauri-Joxe Felix Diaz de Tuesta (cc-nc-by-sa)
Euskara praktikatzeaz gain, baserri giroa ezagutzeko aukera bikaina da!  Hain zuzen ere programarekin hasi aurretik, EHNEk formazio saio xumea eskainiko die parte hartzaileei, baserriko lanaren oinarri-oinarrizko tekniken berri izan dezaten. Urbanita hutsa izatea ere ez da eragozpena, beraz!

Proiektuan parte hartu edo informazio gehiago nahi? Zalantzak argitzeko, Topagunearekin harremanetan jartzea baino ez dago. Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da.

Topaguneak eta EHNEk proiektu pilotu honekin ilusionaturik daude hain zuzen ere aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko bideak eta aukerak irudikatu dituztelako.

 

Argazkia: Atauri-Joxe Felix Diaz de Tuesta (cc-nc-by-sa)

 

Iruzkinak  

 
0 #2 iker 2010-06-14 10:58
Kaixo!
Aukera ezberdinak daude, bakoitzaren behar eta gogoen arabera. Informazio gehiago nahi duenak zuzenean jo dezake Topagunera harremanetan jartzeko: bulegoa[abildua]topagunea.org edo 94 621 57 80.
Gerardo, zurekin posta elektroniko bidez jarriko gara harremanetan. Ondo segi!
Aipatu
 
 
0 #1 Gerardo González Urdiales 2010-06-09 14:28
Aupa!

Euskaldun berria naiz, 25 urte dauzkat eta maiatzean HABE 3 azterketa egin dut. Informazio hau irakurri eta gero informazio gehiago eskatzea eta zalantza batzuk argitzea gustatuko litzaidake.

Lehenik eta behin, oso aukera ona iruditzen zait ikasi dudan euskara erabiltzeko eta trebetasun gehiago lortzeko. Horretaz aparte, zenbat ordu egunero edo zenbat egun egon behar naizen baserrian jakin nahi nuke. Nik uztailan eta abuztuan lan egin behar dut goizean (14.30 arte). Ez dakit ea posiblea den arratsalde batzuk joatea edo lo egin behar dudan baserrian bertan.

Eskerrik asko.
Aipatu
 

Iruzkin bat idatzi


Seguritate kodeak
Freskatu

 
Euskara Elkarteen Federazioa
Kontaktua | Mapa Web | Pribatutasun oharra

essay writing