Bideoak I Irudiak
 
 
 

Zeruari” lana irabazle Euskal Herriko II. Ikus-entzunezkoen Rallyan

• 90 bat lagunek parte hartu zuten berandura arte luzatu zen lehiaketan
• Aukeratutako gaia “bai, baina ez” izan zen
• Lanen kalitateak dezente zaildu zuen epaimahaiaren lana

Gorabehera teknikoek eta epaimahaiak erabakia hartzeko izandako zailtasunek gauerdi aldera arte luzatu zuen Euskal Herriko II. Ikus-entzunekoen Rallyaren sari banaketa. Giroa aparta izan zen, hala ekitaldian nola egun osoan, eta parte hartu zuten gazteak, 90 inguru, “oso gustura” aritu ziren Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako lehiaketan.

Parte hartu behar zuten 20 taldeetatik, azkenean 18 baino ez ziren aurkeztu Rallyra, eta goizean goiz jaso zuten egin beharrekoen berri. Lanetan islatu beharreko ezaugarriekin batera, gaia ere eman zitzaien goizeko 9etan: “Bai, baina ez”.

Goiz partea grabazio lanetan eman ondoren, Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean zeuden edizio gelak 14:00etan zabaldu ziren. Parte hartzaileak, baina, berandutxoago hasi ziren heltzen. Entrega ordua 19:00etan jarrita zegoen, eta hala ere, azken taldea 18:00ak inguruan iritsi zen gelara!

Teknologiak gaiztakeriaren bat edo beste ere egin zuen: talde batek etsi eta parte hartzeari uko egin behar izan zion, kamerak ibiltzeari utzi zionean. Eskoriatzako Hegoaixe taldearen kamerak ere kale egin zuen, eta taldea edizio gelara iristean konturatu zen goizean grabatutako guztitik ezer ez zeukatela zinta gordeta… hala ere, ez zuten etsi, eta epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan zuen lantxo alternatibo bat aurkeztu zuten, gertatutakoaren berri ematen.

Antolatzaileek ere pairatu zuten Murphyren legearen eragina, eta aurkeztutako lanak batzerakoan gorriak ikusi zituzten teknikari lanetan zebiltzan ikastetxeko ikasleek. Bide batez, esan behar da primerako lana egin zutela gazteek, antolatzaileek zein parte hartzaileek bihotzez eskertu zutena.

Epaimahaia Patxi Urkijo, Begoña Vicario eta Txetxu Urkijo zuzendariek osatu zuten, Aiarako Kuadrillako erakunde eta elkarteen ordezkariekin batera. Lanak izan zituzten erabakia hartzeko, aurkeztutako lanen kalitatea, oro har, oso-oso altua izan zelako.

Baina erabakia hartu egin behar zen, eta, kostata ere, bere lana bete zuen epaimahaiak. Honako hauek izan ziren lan saridunak:

1. saria: 1.500 euro
“Zeruari”, Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñanorena

2. saria: 1.200 euro

Titulutik gabea III”, Daltoniko Anonimoak taldearena

3. saria: 900 euro
Izenbururik gabe”, Insano Komandoa taldearena

Epaimahaiaren aipamen berezia, esan bezala, Eskoriatzako “Hegoaixe” taldeak jaso zuen, izandako arazo teknikoen berri ematen zuen lantxoagatik.